Las diez noticias clave de la jornada
Josu Goikoetxea, 'Lakioa' ipuin-bildumaren aurkezpenean. F. de la Hera
Josu Goikoetxea | 'Lakioa'

Bidegurutzean egonda, «aurrera ala atzera» egitea da gakoa

Josu Goikoetxeak lehen prosa lana ondu du, Joseba Jaka bekarekin idatzitako 'Lakioa' ipuin-bilduma

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 2 de octubre 2025, 16:21

Sokaz egindako eta hegazti edo piztia txikiak harrapatzeko tranpari deitu ohi zaio lakioa, baina Josu Goikoetxea ez da batere lotua sentitu lehen narrazio lana ontzerako orduan. 2024an Joseba Jaka bekara aurkeztu zuen 'Hiltzaileak eta beste ipuin batzuk' proiektua eta laguntza harekin eta, batez ere, presiorik gabe, ondu du 'Lakioa' (Elkar) bilduma. «Ondo pasa eta dibertitu» besterik ez duela bilatu azaldu du, «gauza txukun» bat aurkeztu ahal izatea. «Hortik aurrerakoa dena izan da oparia». Hori bai, idazketa-prozesua ez da samurra izan. «Idazten ez dut gozatzen, ipurterrea naiz, bada euforiaren eta antsietatearen arteko nahasketa, baita asmatzen duzunean ere».

Publicidad

Orotara bederatzi testu dira, guztien protagonistak 45 eta 60 urteko gizonezkoak, «baina haien artean oso ezberdinak». Lehenaren abiapuntua «oso indartsua» da, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak esan bezala eta egileak onartu du zalantza izan duela «noraino joaten utzi» testuari. Amaginarrebaren etxean katakume jaioberriak akabatzera behartzen duten gizonak irekitzen du bilduma. «Gaiak gogorrak izan daitezke, pertsonaiak egoera nahiko aldrebesetan daudelako, eta zinismoz edo krudelkeriaz jokatzea ez zitzaidan egokia iruditzen, halako hurbiltasuna nuelako. Erabat fikzioa da baina oso benetakoak dira niretzat, barruan bizi ditut eta neurri batean irakurleak hala bizitzea espero dut».

Ildo horretan, «euskal irakurlearentzat egindako ipuinak» direla xehatu du, bai gaitegi aldetik zein erreferentziengatik, esaterako bertsoak. Besteetan islatu ditu parranda-gauaren osteko goizean lagun zahar-berri baten konpainian esnatuko den emakumearen harridura, guraso hilen baserrira itzultzen den droga-saltzailearen ibilerak, enpresako buruzagitza hartzera deitua den gazte arrakastatsuaren larriminak, etab. Guztiekin lortu edo sentitu du «halako errukia, maitasuna, txera» eta helburu izan du «zinikoa» ez izatea.

'Lakioa'

  • Egilea: Josu Goikoetxea.

  • Argitaletxea: Elkar. Joseba Jaka beka.

  • Orrialdeak: 138.

  • Prezioa: 15,5 euro.

Ipuinen gakoa bizitzak jarritako lakio, tranpa edo bidegurutze horietan pertsonaiek «aurrera edo atzera» egingo duten da. «'Gure azken udaberria biziko dugu ala ez?' galderak lotzen ditu». Pertsonaiek dituzten arazo horiekin alderatuta, Goikoetxeak literaturarekiko duen lakioa suabeagoa dela uste du. «Beti irakurri dut, baina 14 urterekin bertsolaritzak harrapatu ninduen eta eskerrak, bestela agian ez nintzen hemen egongo euskarazko literatur lan bat aurkezten». Hala, azaldu du 25 urtez gai-jartzaile bezala jardun izanak «sena eta egoki adierazteko gaitasuna» eman diola.

Jakitun da hitza agian jende askok ez duela ezagutuko -berak ere ez zekien duela pare bat urte Walt Whitman itzuli zuen arte-, baina bildumaren «izpiritua oso ondo biltzen» duela iritzita hautatu du. Hari argi bat ez bada ere, pertsonaia guztiek dutelako «emozio edo tranpa emozionalen» bat: sorterriarekikoak, iraganarekikoak, batzuk estuago eta besteek lasaiago, baina «sentimenduak mugatzen edo markatzen» dizkietenak.

Publicidad

Asmo horretan «estilo eta teknika aniztasuna» goratu du Mendigurenek eta, horren bitartez, ipuin bakoitzari dagokion tonu nahiz hizkera doia eman diola.

Urtebeteko prozesua

«Ipuinak interesgarriak, irakurgarriak, mamitsuak» izatea zuen helburu Josu Goikoetxeak eta ostegun honetan oso pozik eta harro azaldu da bildumarekin. Lehen ipuina 2019an ondu zuen, segidan heldu ziren beste bi, baina ostean «luze» egon dira hozkailuan. «Oso mantso idatzi dut, normalean poesia idatzi dudalako». Hala heldu zen 'Zer luzea negu hau' (Elkar, 2018) poemarioa edo Munduko Poesia Kaierak bildumarako itzulitako Whitmanen antologia. Euskaratze hura «oso lagungarri» egin zaio.

Orain, aldiz, «egonarria sentitu» nahi zuen eta horregatik egin zuen jauzia prosara. «Poema idaztea, zirriborroa bada ere, berehalakoa da. Inpultsoa. Bestelako pazientzia eta lanketa behar duzu prosan», alderatu du. «Paragrafo bakoitza ondu samar izan arte ez nintzen mugitzen. Batzuetan kostata, beste batzuetan plaustadan etorri dira hitzak». Emaitzarekin pozik azaldu da.

Publicidad

Agerraldian Mendigurenek oroitu bezala 2024ko deialdira lan ugari -zehazki 15- aurkeztu ziren, «gehienak nobelak». Aldiz, Irati Majuelo, Itziar Ugarte eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak «aho batez» erabaki zuen orduan 'Hiltzaileak eta beste ipuin batzuk' izenburua zuen proiektua saritzea besteak beste, ipuinen «kalitatea eta originaltasuna» azpimarratuz dute, baita «indarra, iradokitzeko ahalmena» edota irakurlearengan «gehiago irakurtzeko» sortzen zuten gogoa.

Ebazpenak esandakoa bere horretan mantendu du Goikoetxeak Elkarreko editoreak azpimarratutakoagatik, «aspaldiko euskal literaturako ipuin-bilduma biribilena eta potenteenetakoa» dela iritzi baitu. «Ipuinak berez mintzo dira eta berez saltzen dute euren burua». Egileak eskerrak eman dizkio Mendigureni zein Elkarri eta ingurukoei. «Liburua bakarka egiten den lana da, baina inguratuta egiten baduzu errazagoa da egitea».

Publicidad

2025eko deialdia, abian

Joseba Jaka bekaren 2025eko deialdia abian da. Eleberri grafikoa edo komikia egiteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Proposamenak abenduaren 31ra arte bidali ahalko dira.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad