Josu Goikoetxeak eskuratu du 2024ko Joseba Jaka Beka
Urtebeteko epea izango du 'Hiltzaileak eta beste ipuin batzuk' proiektua gauzatzeko
Josu Goikoetxea (Gernika-Lumo, 1974) kazetari, poeta eta bertso gai-jartzaileak jaso du 2024ko Joseba Jaka Beka, literatura lan baten (narratiba) sormena laguntzeko bideratua zena. Orain urtebeteko epea izango du liburua gauzatzeko eta ostean Elkar argitaletxeak kaleratuko du. Lagungarri bezala 10.000 euroko saria jasoko du datorren maiatzaren 23an Adunako egoitzan egingo den ekitaldian, Elkar Fundazioak Ibilaldiari Saria ere emateko baliatuko duena. «Datorren egun edo asteetan jakinaraziko dugu zein den taldea», aurreratu du Joxemari Sors Bagüesek, Elkar Fundazioko kideak.
2024ko deialdira aurkeztu diren 15 lanetatik Irati Majuelo, Itziar Ugarte eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak «aho batez» erabaki du 'Hiltzaileak eta beste ipuin batzuk' proiektua nabarmentzea. Besteak beste, ipuinen «kalitatea eta originaltasuna» azpimarratu dute, baita «indarra, iradokitzeko ahalmena» edota irakurlearengan «gehiago irakurtzeko» sortzen duen gogoa. «Honek esan nahi du 15 liburu berri merkatuan egoteko aukera legokeela, baina bati eman behar zaio eta hau erabaki du epaimahaiak», gehitu du Sorsek.
Goikoetxeak ebazpeneko hitzak eskertu ditu, bereziki esaldi bakoitzari «indarra» jartzeko gaitasuna azpimarratu duena. «Nire interesa da ipuinak interesgarriak izatea, irakurgarriak, mamitsuak», azaldu du. Jasotako bekak bere buruarekin zuen konpromisoa, «lasaia eta eperik gabekoa» zabaltzea ekarriko duela adierazi du umorez, orain «epaimahaiarekin eta Elkarrekin» ere baitu. «MAntso idazten dut, baina lasai egon, beteko dut».
Ipuinak idazteko langintza berria dela azpimarratu du. «Bertsotan gai-jartzaile bezala 25 urteko ibilbidea egin nuen eta horrek behar kreatiboak asebetetzen zituen. Hura bukatuta gaztetako zaletasun handienera, idaztera, itzultzea pentsatu nuen. Baina ni irakurlea naiz batik bat, oraindik ez diot nire buruari idaztea naizela esan». Ildo horretan, poesian izandako esperientziarekin alderatu du. «Idatzi dut, baina zirriborro azkar bat egin eta horren gainean margotzea da. Hau, aldiz, harria zizelkatzea da, barruan dagoen figura hori ateratzea». Bere ustetan ipuinak «halako tentsioa» eskatzen du eta eleberriak, aldiz, «diziplina, orduak». Oraingoz ez du bere burua idazketa horretan irudikatzen.
Agerraldian Sorsek oroitu duen bezala urtebeteko epean idatzi beharko duen liburua ez da Goikoetxearen lehena izango, 2018an 'Zer luzea negu hau' poesia-bilduma kaleratu baitzuen eta gerora heldu zen haurrentzako 'Mia. Marteko robota' albuma. Literaturan hirugarren ekarpen bat ere badu, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan Walt Willmanen antologia itzuli zuen 42. zenbakian. Horretaz gain, gernikarra Lubaki bandako partaide eta, batez ere, bertso munduan gai-jartzaile bezala eta Hitzetik hortzerako zuzendari eta aurkezle moduan egindako ibilbidea azpimarratu zuen.
Joseba Jaka beka 1996an antolatu zuen lehen aldiz Elkar Fundazioak eta 2006ra arte bi urtean behin ematen zen literatur sormena sustatzeko, harik eta Sorsek gogora ekarri duen bezala «krisi ekonomiko indartsuak hamar urteko geldialdia» bultzatu zuen. 2016an berreskuratu zuen Fundazioak, baina jauzi bat emanda eta «musika eta antzerkiari» ere bideratuta.