Bertolt Brecht eta Mario Benedettiren antologiak euskarara ekarri ditu Susak
Bi poeten «garrantzia eta oihartzuna» ikusita Munduko Poesia Kaierak bildumarako izuli dituzte Irati Majuelo eta Inma Errea itzultzaileek
Gurean arrotzak ez diren eta eragin nabaria izan duten Bertolt Brecht eta Mario Benedetti poeten antologiak ekarri dituzte euskarara Irati Majuelo eta Inma Errea itzultzaileek, hurrenez hurren, «garrantzia eta oihartzuna» ikusita Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan tokia merezi zutela iritzita. Zehazki, bildumako 45 eta 46 aleak dira ostegun honetan Donostian aurkeztutako bi lanak.
Brecht eta Benedetti ezberdinak badira ere antzekotasunak dituztela nabarmendu du Maialen Berasategik, besteak beste bi poetek «bete-betean» heldu ziotela testuinguru soziopolitikoari euren obran edota «idazkuntza lau eta soilerako» zuten joera. «Zuzenean eta itu-ituan gauzen muinetara eta jendearen erraietara jotzen zuten poesia oso irisgarri eta edozeinek ulertzeko moduan eginda», azaldu du.
Bertolt Brecht-en antologian poetak idatzitako bi mila poemen «lagin txiki» bat jaso du Majuelok. Hala ere, argi utzi du hautaketak egilearen «biziaroaren fase ezberdinak» biltzen dituela, baita «garai bakoitzeko estilo eta ikusmira politikoak» islatu ere. «Bere bizitza eta obra poetikoa zeharkatzen duen lana da hau», gehitu du. Obra aniztasun handikoa dela zehaztu du eta «denetara jo» zuela bai estilo zein gaitegi aldetik. «Atera bezala idazten zuen baliabide guztiak erabiliz».
Bidaia honen bitartez, gainera, XX. mendeko Europa ezagutzeko parada izango du irakurleak, Brechtek «bere garaiari pultsua hartu» baitzion eta orduko «kezka eta minak» ulertzeko saiakera egin baitzuen. «Bilduma honek laguntzen du bere bilakaera pertsonal hori ezagutzen eta XX. mendeko Europaren historia ezagutzen poemen bidez, hasi gaztetako begirada xalo eta erromantikotik, non naturak garrantzia gehiago duen, ondorengo politizazioari eta komunismoari gorazarre egiten dioten poemak edo marxismoa oso modu didaktikoan azaltzen duten poemak pisu handiagoa duten», azaldu du itzultzaileak.
Bertolt Brecht
-
Itzulpena: Irati Majuelo.
-
Estiloa: Poesia.
-
Argitaletxea: Susa
-
Bilduma: Munduko Poesia Kaierak
-
Orrialdeak: 64.
-
Prezioa: 9,5 euro.
Poeta oso emankorra, eragin nabaria izan zuen Europan eta baita gurean ere, bai arlo politikoan zein artistikoan, bai norbanako zein artista modura. Hauen artean aipatu ditu, besteak beste, Mikel Laboaren kantuetan ageri diren esaldi edo leloak edo aurrez «tantaka» bildu diren bere poemak.
Ez da atzean geratzen Mario Benedettik izandako eragina eta oihartzuna. Antologia honetan, aldiz, Erreak ez du hurrenkera kronologikoa erabili, gaika egin baitu hautaketa. Esaterako, testu guztietan ikus daitezke, itzultzailearen aburuz, Benedettiren «kezka eta ikuspegi soziopolitikoak», baita maitasuna ere. «Maitasunaz hitz egiten duenean erbesteratzea presente dago, eta erbesteratzeaz mintzatzean maitasuna ere». Hala ere, maitasun hau aurkezteko moduak gehiago du «konplizitate sozial eta politikotik» Errearen hitzetan, garai hartako gizonek zituzten moldeetatik at «modernoagoa» da bere ikuspegia.
Poemen arteko horrelako loturak izan dira bilduma osatzeko irizpideak. Beste batzuetan galdetegiak izan dira eta aberriari buruzkoak ere badaude. Kasu guztietan, itzultzailearentzat ez du gaurkotasunik galdu antologiak. «Izenak galdu dira, aipatzen den Pinochet hil da, baina zoritxarrez 40 urte igarota gai sozialak eta politikoak errepikatzen dira. Neurri batean tristea da, mundua asko aldatu dela badirudi ere sufrimendua eta joko politikoak dirautelako».
Mario Benedetti
-
Itzulpena: Inma Errea.
-
Estiloa: Poesia.
-
Argitaletxea: Susa.
-
Bilduma: Munduko Poesia Kaierak
-
Orrialdeak: 64.
-
Prezioa: 9,5 euro.
Bidean, agerraldian esan bezala, zenbait oztopo izan ditu Erreak. Izan ere, Benedettik ez du komarik erabiltzen eta puntuazioaren oso zalea da, aitortu duen bezala. «Ez dut bakar bat ere gehitu, nahiz eta batzuetan zalantza izan dudan ea emaitza ulertuko zen. Baina laguntza handia izan dut», azaldu du Isabel Etxeberria editorearen lana eskertzeko.