«Badakit bustitzen naizela franko, eta hartu dudala arriskua»
'Erretzaile damutuen konpainia' eleberrian 'Rock'n'roll'-eko Edu Saragueta berreskuratu du Aingeru Epaltzak, eta gaurko «Iruñea multietnikoan» kokatu du
nerea azurmendi
Osteguna, 6 urria 2022, 20:02
Bolada luzean 'Erresuma eta Fedea' trilogian murgilduta egon ondoren –'opus magna'-tzat jo du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak–, 2017ko 'Mendi-joak' ipuin bildumak ekarri zuen gure egunotara bueltan Aingeru Epaltza. Donostian aurkeztu duen 'Erretzaile damutuen konpainia' (Elkar, 304 orrialde, 23 euro) eleberrian ere «bueltatu da gaurko gizartean gertatzen diren istorioetara, eta eusten dio begirada zorrotzari gizarteari erreparatzeko orduan», azaldu du Mendigurenek, idazle iruindarraren «maisutasuna» nabarmentzeaz gain.
Aspaldi sortutako pertsonaia baten konpainian egin du bidaia, 2000 urteko 'Rock'n'roll' eleberriko protagonista Eduardo Saragueta berraurkitu baitu itxialdian idazten hasi zen nobela honetan. Urteak, baina, ez dira alferrik igaro. Oraingo hau, idazlearen hitzetan, «Edu Saragueta diferente bat da. 60 urtetik hurbil dago, ez da lehengoa. Osasuntsuago bizitzen saiatzen da, kirola egiten du, ez du erretzen, drogatik urrun bizi da, gutti edaten du, kirolaren inguruan egin duen lagunarte berri bat dauka, liburuari izenburua ematen diona».
Hala ere, «neurri handi batean, bere bizitza kaka zaharra da». Saiatuta ere ez du ligatzen; urteak daramatza lanik eta langabezia saririk gabe; autoa saldu, etxea utzi eta, «hondamendiaren seinale», etorkin auzo batean bizi da, non bera den «ez bakarrik euskaldun bakarra, baizik eta hemengo zuri bakarra».
Halako batean, lagun baten bitartez komunitate islamikoari buruzko erreportaje-sorta bat egin dezan eskatzen diote, telebista batentzat. «Horrek ateak irekiko dizkio liburuaren trama inportanteenari», esan zuen Epaltzak, eleberria genero beltzean koka daitekeela aipatuz, nahiz eta beste osagai asko izan.
Iruñea multietnikoa
Saraguetaren bizimodu berriak eta egiten dioten enkarguak, era berean, 'Rock'n'roll'-en ez bezala xehetasun handiz, karrikaz karrika eta «bere konplexutasun osoan», deskribatuta dagoen «Iruñea multietnikoari» ere ireki dizkiote ateak. Aingeru Epaltzaren jaioterriak pisu handia du eleberrian. Bi hamarkadaren buruan Edu Saragueta bera bezainbeste, edo akaso gehiago, aldatu den hiriak ere baditu istorio berriak kontatzeko.
Giza paisaia eraberritu horren harira, «euskarazko literaturak ihes egiten dion» gai bat aintzat hartu du Aingeru Epaltzak: egoera soziolinguistikoa. Berak, oraingoan, ekidin beharrean aurre egin dio, «Iruñea multietniko horretan euskaldunok talde bat gehiago garelako beste aunitzen artean, eta ez seguru asko inportanteena».
«Boterea, migrazioa, mamu islamista...», gai labainkorretan sartu da Epaltza. «Badakit bustitzen naizela franko, eta hartu dudala arriskua. Uste dut bat egiten dudala nire pertsonaiarekin», esan zuen. «Ahalik eta modu errealistenean» eta «piroteknia linguistikoa apalduta» idatzitako nobelan umoreak ere badu tokirik, «umore beltz eta gordinak, agian gordinegiak».