Danborrada hotsen biharamunean hots martzialak entzun ziren Madrilen, Sánchezen gobernuaren aurkako enegarren manifestazioan. Manifestari batzuk ekografia-makina eta guzti zihoazen, bihotz oneko elkarretaratuen taupada bizi eta osasuntsuak biderkatzeko asmoz. Jaio gabeak ez zeuden hara joatera behartuak, baina etorriko da lege edo profeziaren bat hori horrela izan dadin. Haizeak astindutako banderaren zarta-hotsa entzutera behartuko gaituen beste araudi bat ere etorriko den bezala. Banderaz eta banderadunez jositako desfile bat. Bandera oihalez eginiko arropa nahitaezkoak, moda-modako alkandora hertsagarriak. Bandera asko eta eguzkitako panel gutxi. Ustezko amorru negatibo hori guztia aprobetxatzeagatik, diot. Eguzkiaren energiak bezainbeste berotzen baitu amorruarenak.
Publicidad
Ezin ahaztu literaturaren gorrotozko bi minutu gogoangarrienak, Orwellenak. Marka hori askoz harago eraman nahi du orain eskuinak. Feijoo galiziarra denez, Ferrolgoa zen Torrente Ballester idazle handiaren «La saga/fuga de los J.B.» eleberriarekin gogoratu naiz. Bertan agertzen zen Castroforte del Baralla herria, eta bere zimenduetatik altxatzen zen biztanleak aldi berean gogoberotzen edo kezkatzen zirenean.
Meteorologoek ez dute horrelako fenomenorik hauteman. Madrilek lehengo lekuan jarraitzen du, lebitatu ezinik, iraganeko zimenduetara ainguratuta. Ez da horren harritzekoa ere. Gauza jakina baita mugitzen dena ez dela argazkietan ateratzen. Batez ere, dagerrotipoak egiteko XIX. mendeko kamera bati begira bazaude.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión