Jendetza Landakon gazteei zuzenduriko egunean
Euskaraldiak bere laugarren edizioko abestia aurkeztu du Durangon, Bulego taldeak sortu duena
Bigarren egunez, Landakoko ateak 10.30ean zabaldu eta bisitariak erakusmahaietara zuzendu dira, azken nobedateak ikusi eta erostera, eta idazle zein musikariekin hitz egitera. Askok, euripean itxaron behar izan dute noiz sartu, izan ere, edukiera beteta, sarrera mailakatu behar izan da.
Atzoko lehenengo jardunaldian 50 bat ikastetxetatik 1.300 ikasle hurbildu ziren Azokara Ikasle Goizarekin eta gaur gazteak izango dira protagonista, egitarauan beraiei zuzenduriko ekintza ugari txertatu baitira, egun osoko plana egin ahal izan dezaten. Gainera, gauez ere kontzertuak egongo dira Landako plazan instalatuko den karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik.
Noticias relacionadas
«Hausnarketarako pizgarri» izan nahi duten hiru album ilustratu
Antzerkian inprobisatzen ikasteko «gune segurua»
Antolakuntzaren deiari erantzunda gaztez bete da Ikasle Goiza
Kontsulta ezazu 59. Durangoko Azokaren programazioa
Liburu aurkezpenei dagokienez, gaurko iragarrita daude honakoak: Uxue Alberdiren 'Hetero'; Ane Labakaren 'Murmur'; Mikel Pagadiren 'Bisita'; Miren Amurizaren 'Pleibak'; edo Jon Arretxeren 'Zenbaki gorriak'. Ostiral honetan ere, Sormen Bekaren irabazleak ezagutuko dira, eta iazko garaileek, Marramiau sorkuntza kolektiboak, 'Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz' telesaila estreinatuko dute bi emanalditan.
Euskaraldiaren abestia
Egun hauetan guztira 933 kultur nobedade egongo dira Azokan, eta lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira. Aurkezpenen artean, ostiral honetan Euskaraldiaren laugarren edizioaren kanta aurkeztu da Bulego taldeko kideekin, beraiek izan baitira kantuaren egileak. Euskaraldiko koordinatzaile den Goiatz Urkijorekin batera izan dira ekitaldian talde azkoitiarreko kideak, Tom Lizarazu, Xabi Arrieta eta Ruben Lizarralde.
'Gure bihotzaren taupadak' izenburupean, Euskaraldiaren izaera anitzarekin «bat egiten duen kanta» sortu dute, «edonork entzuteko moduko abesti herrikoia eta polita», azaldu du Tom Lizarazuk. Eskertutak azaldu dira azkoitiarrak Euskaraldiaren kanta sortzeko aukera izanagatik. «Hainbeste eman digun hizkuntzari bueltan ematen ari garela sentitzen dugu», esan du eta euskarak bizi duen «larrialdi linguistiko honetan» kantu hau «gure alea» dela.
Lizarazuren hitzetan, euskara Bulegoren nortasunean errotua dago. «Uste guztien kontra ikusi dugu gure hizkuntza dela atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, eta horrek ateak irekitzen dizkigu», aitortu du. Horregatik, «norbanako bezala euskararekiko dugun ardura beharrezkoa» dela aldarrikatu du aurkezpen ekitaldian.
Bulego taldeak «herriarentzat» egin duen kanta da 'Gure bihotzaren taupada', Goiatz Urkijoren esanetan, udaberrian egingo den Euskaraldian dagoeneko lanean ari diren guztiek barneratuko dutena, baita partaideek ere.
Abestiarekin batera, bideoklipa ere aurkeztu da, Mey Monteroren zuzendaritzapean Cosmictree ekoiztetxeak egin duena, eta Leganesen grabatu zutena.