Uda Ikastaroak hauspotzeko hitzarmena
EITBk eta UPV/EHUk akordioa sinatu dute 41. edizioari begira
Osteguna, 16 ekaina 2022, 14:51
UPV/EHUk eskaintzen dituen Udako Ikastaroen 41. edizioa izango da 2022an eta EITBk eta Uda Ikastaroak Fundazioak lankidetza harremanak estutu dituzte lankidetza hitzarmenaren bitartez. Ekitaldian Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa izan dira.
Ekaina eta iraila artean izango dira 41. Uda Ikastaroak 'Ezagutzaren alde' lelopean eta albistegi eta gainontzeko aktualitate saioetan egunero eskainiko dien arretaz gain, Radio Euskadik ordu erdiko irratsaioa plazaratuko du astelehenetik ostiralera eta Euskadi Irratiak hamar minutuko tartea.
Ikastaroez gain, Fundazioak urtean zehar antolatzen dituen jarduerak zabaltzea eta sustatzea ere jasotzen du akordioak, besteak beste Donostia Sustainability Forum hitzordua.
Orotara ikastaroetan 150 proposamen baino gehiago izango direla azaldu du Goñik, zortzi erronka nagusi dituztela ardatz: gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa, osasun mentala, zahartzaroa, jasangarritasuna, hezkuntza eta euskal kultura. Ukrainako gerraren eta pandemiaren bilakaera eta ondorioak ere zeharkako gaiak izango dira edizio honetan.
40. urteurrena, uztailaren 22an
Ikastaroen barnean kokatuko da uztailaren 22an egingo den 'Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITB 40' ikastaroa. Hiru gai nagusi jorratuko ditu. Lehenik, Europa mailako gogoeta ikus-entzunezko hedabideen konbergentzia, eraldaketa, eta gizarte-eragina aztertzeko; bigarrenez Europako hizkuntz gutxituetako irrati eta telebisten erronka eta estrategiak; eta, azkenik, zerbitzu publiko modura EITBren garrantzia.