Borrar
Inazio Mujika Iraola (edizioaren prestatzailea), Anjel Lertxundi idazlea eta Alberdania etxeko Jorge Giménez Bech, atzo Donostiako Udal Liburutegian. MÓNICA RIVERO

«Gozamena izan zen 'Otto Pette' idaztea», dio Lertxundik

Laster beteko direnez 25 urte, Alberdaniak edizio eguneratua plazaratu du, orain ere Inazio Mujika editore

Felix Ibargutxi

DONOSTIA

Ostirala, 26 urria 2018, 11:34

Comenta

Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' eleberriaren 25. urteurreneko edizioa plazaratu du Alberdania argitaletxeak. 1994an, atera zenean, liburu oso deigarria izan zen, halako Erdi Aro batean baitzegoen kokatua, eta, hizkera sinesgarria baitzeukan. Lertxundik sekulako ahalegin linguistikoa egin zuen, hutsetik sortu baitzuen hizkera hura; euskaraz ez zegoen, alde horretatik, inongo tradiziorik. Orduko editoreak, Inazio Mujika Iraolak, idatzi du edizio berri honek dakartzan bi hitzaurreetako bat, eta honela dio: «Gezurra dirudi nola idatzi zuen Anjelek 'Otto Pette' ispilu egokiarena egingo zioten eta geroztik etorri diren itzulpen lanik ia batere gabe».

Ezaguna da liburu hasierako eszena. Otto Pette esaten zioten gizonak atea zabaldu du eta honela kontatzen du: «Niri begira neukan eskale-trazako dio, bere bekain ile-sarrien itzalpetik. Goitik behera aztertu ninduten haren begiek, aspaldi ikusi gabeko lagun zaharra banindu bezala. Baina nik ez nuen ez lagun ez ezagun eskale-trazako gizon hura. Brastakoan hedatutako laino itxiari ohi zaion izu-zirrarak hotzikaratu ninduen».

Une hartan, Otto Pette ikaratu egin da. Susmoa sortu zaio etxeko atea jo diona ez ote datorren iraganeko egintzengatik kargu hartzera; ez ote den berak torturatutako baten tartekoren bat izango; ez ote den erregeak berak bere kontra bidalitakoren bat. Erregearen errepresio burua izan baitzen orain bakean bizitzea beste ametsik ez duen agure hau.

«Nobelan ez dago elementu bat bera soilik Erdi Arokoa dena», esan du idazleak

Nolatan deitura hori, Otto Pette? Lertxundik honela azaldu zuen atzoko aurkezpenean: «Orduan asko erabiltzen nuen 'Diccionario Retana de Autoridades del Euskera', eta bertan ikusi nuen 'otto' hitza polisemikoa zela, 'osaba' esan nahi zuela -hizkera afektiboan- eta 'otso' ere esan nahi zuela. Gero, eufoniaz, 'Pette' etorri zen».

Lertxundik oso oroitzapen ona du 1993-1994ko idazketa prozesuaz: «Gozamen garaia izan zen. Zergatik gozatu nuen hainbeste? Gauza berri bat egiten ari nintzelako, mundu bat sortzen ari nintzelako. Ez dut esango 'Hamaikagarren aidanez'-en gozatu ez nuenik, baina orduan mundu ezagun bat kontatzen ari nintzen, eta esan nahi nuen horrenbeste idealizatu dugun baserrian ere badagoela biolentziarik».

Garai ahistorikoa

Erdi Aroan kokatutako istorioa dela esan izan da. Aditu batzuen iritziz, hori ez da horrela. Atzoko aurkezpenean honela jardun zuen Mujika Iraola editoreak: «Garai ahistoriko bat da, alegoria bati dagokion bezala. Lekua ere ez da oso zehatza. Inoiz ez da esaten Euskal Herria denik. Niri iruditu zitzaidan Nafarroa eta Aragoi arteko muga hori izan zitekeela».

Letxundik hau gaineratu zuen: «Nik hizkera sinesgarri bat lortu nahi nuen. Ez nintzen Erdi Aroaz ezertxo ere dokumentatu, lehendik ikasia nuena nahikoa nuen. Lagungarri, 'Autoridades' hiztegia eta Mokoroaren esaldi bilduma izan nituen».

Ez omen zuen hitz bat bera ere asmatu. Hori bai, lehendik zeuden hitzei zukua atera zien ederki, eta, adibidez, irain indartsuak zertu zituen hitz zaharrak konbinatuta.

Hizkuntza kontuetan, Mujika Iraolaz gain, bi aholkulari izan zituen Lertxundik: Juan Garzia eta Eskarne Mujika.

Bestalde, zarauztar idazleak hautu bitxia egin zuen, atzoko aurkezpenean azaldu zuenez: «Nobelan ez dago elementu bat bera soilik Erdi Arokoa dena. Badago izurritea, badago katedrala, baina horiek elementu orokorragoak dira».

Eta pasadizo hau kontatu zuen baita ere: «Nobelan kontatzen dut nola Errondal pintorea ari den saiatzen teknika berri bat. Bada pintore bat, Ricardo Macarrón, Espainiako errege-erreginen erretratuak egindakoa eta Zarautzen udak pasatzen zituena. Behin, esan zidan nik idatzitako horretan akats tekniko bat zegoela, teknika hori ez zela nik nioen bezalakoa. Amorrazioa hartu nuen. Baina gero barkamen eske azaldu zitzaidan berriz ere, esanez gauzak nik deskribatu bezala zirela».

Idazteko, Lertxundik beka eskatu zuen Kultura Ministerioan, eta eman egin zioten. Liburuarekin ez zuen saririk lortu, baina bigarren gelditu zen Espainiako Literatur Sari Nazionalaren epaimahaian. Orduan Carmen Rieraren 'El último azul' nagusitu zen.

«Nobelan ez dago elemento bat bera Erdi Arokoa dena»

Plazaratu eta handik bi urtera, 1996an, gaztelaniaz eman zuen argitara Seix Barral etxeak, 'Las últimas sombras' izenburuaren pean. Jorge Giménez Bechek egin zuen itzulpena, Lertxundiren beste zenbait libururekin gertatu den bezala. Eta gogorarazi behar da Giménez Bech dela Alberdania etxeko editorea gaur egun. Etxea sortu zenean, orain dela 25 urte, bera eta Inazio Mujika Iraola izan ziren sortzaile, baina bigarren hau Erein etxerako ari da orain.

Bestalde, Lertxundik uste du botereari buruzko nobela ere badela 'Otto Pette'. «Bere buruaren konpainia baizik ez duen Otto Pette baronetaren ibileren bidez, gure baitan bizi diren beste ni horiek kontu eskean datozkigunean gerta daitezkeenak» aztertu eta agerian jarri nahi izan zituen eleberri honetan, eta iruditzen zaio indarrean daudela gaur, 25 urte pasa eta gero, «nobelan plazaratzen diren kezkak eta gogoetagaiak: boterearen aurrean norberak hartzen duen jarreraren konplexutasuna; boteretsuen eta haien aurkarien arteko ispilu-jokua, batzuetan paradoxaz betea; maitasuna eta bakardadea, txanpon baten aurki eta infrentzu diren aldetik».

«Nobela morala»

«Nobela morala» ere badela dio Lertxundik, «giza kondizioaren inguruko kezka betierekoak baitira bertan islatu nahi izan ditudanak». Eta disidentzia ere bada eleberriaren gai nagusietako bat.

Alberdania etxeak eskatuta egin du lana Mujika Iraolak. Atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, «eguneratze bat» egin du, «Euskaltzaindiaren erabakiak kontuan hartuta, baina ez beti-beti. Intsumisio punttu bat ondo dator. Aldaketa gehienak lexikalak izan dira, baina badira sintaktiko batzuk ere, testua argitze aldera».

Anjel Lertxundi alargundu berria da. Lehengo astean hil zitzaion emaztea, Mari Karmen Beristain, sei urte eta erdiko minbizialdiaren ostean. Lertxundik nobela egin zuen prozesu horri buruzkoa, euskaraz 'Zu', eta geroxeago gaztelaniaz 'Tú' izenburukoa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Gozamena izan zen 'Otto Pette' idaztea», dio Lertxundik

«Gozamena izan zen 'Otto Pette' idaztea», dio Lertxundik