Ver fotos
Gazteak protagonista bigarren egunez
Durangoko Azokaren 57. edizioak gazteei bideratuta egitaraua antolatu du ostiral honetan, tartean EuskarAbentura espedizioaren ginkana
Goizeko 10:30ean abiatu da Gazte eztanDA!, Durangoko Azokaren 57. edizioan antolakuntzak gazteei bideratutako «keinu» eta gonbidapenaren baitan diseinatutako bigarren eguna. Egun osoan egitarau espezifiko eta oparoa izango du, tartean EuskarAbentura espedizioaren eskutik antolatutako bazkari eta ginkanarekin.
Hala, goizean Ibai Aizpuruak, Barrakaren sortzailea Durangoko Azokaren bekarekin; Eneko Zubiaurrek, One Last Breath-en garatzailea; eta Eider Eibarrek, Kokoak; euren jokoen aurkezpena egin dute eta bertaratuen galderak erantzun dituzte.
EuskarAbenturak gazteekin zita 13:30ean egin du Landako kanpoan eta 14:00etan abiatuko dira Kurutziaga Ikastolara, han izango baita bazkaria arratsaldeko ginkanarako indarrak hartzeko. Izen ematean zehaztua zegoen bezala, janaria bakoitzak ekarri du etxetik eta erantzuna ezin hobea izan da, izan ere ehun partaidetik gora izango dira bertan.
Ginkana 17:00etan hasiko da eta lehenik zortzi kideko taldetan banatuko dituzte. «Izen eman dutenetako batzuk jada EuskarAbenturaren inguruan dabiltza eta elkar ezagutzen dugu, baina beste askorentzat lehen kontaktua izango da», azaldu du Irune de la Maza Euskarabenturako kideak. Horregatik, giroan sar daitezen eta euren arteko elkar ezagutza errazte aldera, lehen ordu erdian ezagutza dinamikak antolatu dituzte. Hala, giroan sartzeko talde-argazkiak edo taldearen izen hautaketa adostu beharko dituzte, besteak beste.
Ostean talde bakoitzak ibilbide bat izango du Durangoko Azokaren 57. edizioa osatzen duten guneetan zehar eta ibilbideko zenbait puntutan probak izango dituzte. «Bakoitzean Euskarabenturako xerpa bagt izango da eta estimatzen dugu guztira ordubete inguru arituko direla». Proba guztiak denbora gutxienean osatzen dituenak eramango du sari sorta: «Durangoko Azokak eta Ez Kexako lagunek egindako poltsa, Ez Kexako porduktu sorta, Durangoko Azokako zenbait produktu», besteak beste, De la Mazak kontatu duenez.
Hori bai, gailentzen den taldea ez da saria eramango duen bakarra. Izan ere, ginkanan izen eman duten eta 17 eta 17 urte bitarte dituzten (hau da, 2006 eta 2007 urteetan jaio direnen) artean 2023ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzeko txartela zozkatuko dute.
Azkenik, egunari itxiera borobila emateko asmoz 19:00etan Elektrotxarangen jaia izango da Electropottotte y OstiKda taldeen eskutik.