Borrar
Gure Zirkua osatzen duten artista eta teknikariak, denboraldi honen hasierako irudi batean.
Iker Galartza | Gure Zirkua

«Euskara toki askotan konpromisoz dago, guk naturaltasunez bizi dugu»

Gure Zirkuak Abadia Saria jasoko du ostegun honetan eta hurrengo egunean ateak zabalduko ditu Arraten denboraldi berriko ikuskizun koloretsuarekin

Itziar Altuna

Donostia

Miércoles, 18 de junio 2025, 00:13

«Bizi bizirik» sentitzen da Iker Galartza Gure Zirkuaren zortzigarren denboraldiaren lehen aste hauetan. Getxon ekin zioten aurtengo birari, eta Zornotzan izan ondoren, ostiralean Arraten irekiko ditu ateak euskal zirku ibiltariak. Bezperan, bihar, beste ekitaldi berezi bat hartuko du karpak, izan ere, bertan burutuko da Abadia Saria ematea, edizio honetan Gure Zirkuak jasoko duena, hain zuzen. «Pozik» jasoko dute aitorpena, Galartzak onartzen duen bezala, izan ere zortzi urtetako ibilbidearen ondoren «herriaren errekonozimendu publikoa bagenuen, eta orain instituzionala etorri da». Sariaren garrantzia ere nabarmentzen du, «ofizialki herri honetako beste kultur eragile bat bagerala sentiarazten digulako».

Hizkuntzaren biziberritzean ekarpen nabarmena egiten duten herritar eta eragileak aitortzen ditu Abadia Sariak, eta epaimahaiak nabarmendu duenez Gure Zirkuak «sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari». Euskaraz bizi eta egingo zen zirkua izango zela argi izan zuen Iker Galartzak ideiaan lanean hasi zenean, jendearen harridurarako. «Proiektuarekin hasi ginenean inork ez zidan galdetzen ea nola mugituko ginen alde batetik bestera, ea kamiorik beharko genuen, ea non egingo genuen lo... galdera ofiziala ea euskaraz egingo genuen zen, eta guk argi genuen hemendik ibiltzeko gure hizkuntzan izan behar zuela, ez genuen beste modurik ikusten».

Euskara «naturaltasun handiarekin eta modu normalean» erabiltzen da zirkuan, eta Galartzaren aburuz «hori da guk gure hizkuntzari egin diezaiokegun ekarpenik handiena. Euskara belarritik zoragarri sartzen zaio euskara ikasten ari denari edo euskarara hurbildu nahi duenari, eta nola ez, oso goxo egiten zaio euskalduna denari. Gurean denek dute lekua eta hori da garrantzitsuena». Aisialdian euskarak presentzia handia ez duela pentsatzen dutenekin bat dator; are gehiago, euskara udaletxe edo leku askotan «konpromisoz» dagoela iritzi du, «eta horrek ematen du berebiziko pena», dio. «Euskaraz artea egin daitekeela lehenagotik bagenekien, antzerkia, umorea... eta zirkuan pailazoek euskaraz barrea eragin dezakete ere».

Zortzigarren denboraldia

Abadia Saria jaso eta hurrengo egunean, ostiralean, zabalduko dizkie ateak ikusleei Gure Zirkuak Arraten, Eibarren. Urteek ematen duten esperientziarekin, ikuskizun «hobeagoa» eskaintzen dutela iritzi du Galartzak, «zirkuan lan egiten dugun guztion autoexijentzia maila handiagoa delako», dio. «Hasieran, euskaraz egiten zen zirku bakarra ginelako, jendeak barkatzeko joera zuen, alde genuen, baina orain konpromiso horri heldu diogu eta kalitatean besteen parean egon behar dugula uste dugu. Horregatik uste dut orain eskaintzen duguna duela zortzi urte baino askoz hobea dela». Denbora honetan ere, lan egiteko era hobetu eta «profesionalagoa» bilakatu da. «Orain jendea dugu lanean bulegoan, kondizioak hobeak dira, gure oraingo ogibide hau duinagoa da eta birak gero eta erosoagoak izaten saiatzen gara».

Hemezortzi lagunek osatzen dute Gure Zirkuak biltzea lortu duen «kuadrillatxoa». Batzuk hasieratik jarraitzen dute, «baina badaude gaztetxo berriak freskura ekarri digutenak, eta azkenean konbinazio hoberena hori da, gazteen energia eta beteranoen esperientzia. Horrek kalitatea eman digu koska bat gorago egiteko».

Maiatzean hasi eta urte amaiera arte Euskal Herriko hainbat herritan altxako dute zirkuko karpa. Alde batetik bestera, familia handi bat osatzen dute konpainiako kideek. «Hau kanpin batean bizitzea bezala da, baina egia da eguraldi txarra egiten duenean, eta hemen askotan gertatzen da, gogorra egiten dela. Nire kasuan, erosoa da nire familia ere hemen dagoelako. Horregatik tranpatxo batzuk egiten ditugu... azkenean gure etxeetatik ordu eta erdira gaude eta batzuetan egun batzuetarako joaten gara, deskonektatu eta indarberrituta bueltatzeko».

Iker Galartzaren kasuan, zirkuko 'irteerak' beste proiekturen batean lan egiteko izan ohi dira. Berehala ekingo dio 'Irabazi arte' telesaileko denboraldi berriko grabazioari, eta uda honetan Zuhaitz Gurrutxagarekin parte hartzen duen 'Almazenean' antzezlanaren azken emanaldiak eskainiko ditu. «Beste lan horiek alde batera ez uzten saiatzen naiz, jendeak ez dezala pentsa 'Galartza bakarrik zirkuan dago'».

«Pozik bueltatu naiz eta ikuskizun berria sentipen horren ispilu da»

«Berritasun askorekin» hasi dute denboraldia Gure Zirkuan eta Getxo eta Zornotza atzean utzi ondoren ostiralean Arraten hasiko dute aurtengo hirugarren etapa. «Askotan saiatu gara Eibarrera joaten, baina ez da erraza, toki askorik ez dagoelako, eta azkenean Arrate gainean jarriko dugu karpa», azaltzen du Galartzak. «Apostu berezia» izango da, «jendeak haraino igo behar duelako», baina horrek ez ditu izutzen konpainiako kideak.

Uztailaren 5a arte hamaika emanaldi eskainiko dituzte Eibarren, ondoren Lekeitiorako bidea hartzeko. Hain zuzen, han zeudela gaixotu zen iaz Iker Galartza eta horregatik gogotsu dago bertara bueltatzeko, «pentsatzearekin bakarrik urduri jartzen naiz», aitortzen du. Osasun arazoak gaindituta, «pozik eta ilusio handiarekin» bueltatu da, eta ikuskizun berria sentipen horren ispilu dela onartzen du, «alaia, koloretxua eta umore gehiagorekin».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Euskara toki askotan konpromisoz dago, guk naturaltasunez bizi dugu»

«Euskara toki askotan konpromisoz dago, guk naturaltasunez bizi dugu»