Las diez noticias clave de la jornada
Eñaut Elorrieta, bere azken diskoarekin. JOSE USOZ

Eñaut Elorrieta: «Baretasunetik emozioa lortzen saiatu naiz»

Eñaut Elorrieta (Musikaria) ·

'Irteera argiak' izena du Eñaut Elorrietaren bakarkako disko berriak; Gernikako musikariaren esanetan, bere «lan pertsonalena» da

Juan G. Andrés

DONOSTIA.

Sábado, 21 de diciembre 2019, 11:18

«Saiatu» aditza etengabean errepikatu du Eñaut Elorrietak (Gernika, 1975) solasaldian. Izan ere, hainbat saiakera egin ditu Ken Zazpi taldetik kanpo ondu duen bigarren diskoan. Bihar aurkeztuko du Donostiako Victoria Eugenia An-tzokian, talentu handiko musikarien laguntzarekin: Ruben Caballero (gitarra elektrikoa), Fernando Neira (baxua eta kontrabaxua), Maite Larburu (biolina, biola eta ahotsak) eta Ander Zulaika (bateria eta ahotsak). Sarrerak joan den astean agortu ziren.

Publicidad

- 'Deserriko kantak' (2013) diskoan erbestea zen gai nagusia. Ba al dago kontzepturik bakarkako bigarren lan honetan?

- Besteak beste, maitasunaz, bizi-tzaz eta heriotzaz hitz egiten duten bederatzi kanta dira. Oraingo hau ez da gai bakar bati buruzko lana. Izatekotan, musikalki da kontzeptuala, bada estetika artistiko bat kanta guztiak zeharka-tzen dituena. Soinu naturala, zintzoa eta elegantea lortzen saiatu gara eta argia eta ilunaren arteko oreka interesgarri bat erdietsi dugula uste dut.

«Argia eta ilunaren arteko oreka interesgarri bat erdietsi dugula uste dut» «Diskotik diskora gero eta gehiago idazten ari naiz, bada niretzako erronka moduko bat»

- Zer adierazi nahi izan duzu 'Irteera argiak' tituluarekin?

- Sinbolo unibertsala dira larrialdi-argiak, edozein hizkuntzatan ulergarriak. Beste denak itzaltzen direnean pizten dira irteera argiak, beti hor daude baina larrialdi egoeretan hartzen dute garrantzia eta orduan ohartzen gara haien presentziaz. Ezbehar batean salbatzeko igaro beharrekoak dira. Kontzeptu horrek jasotzen du diskoaren arima, disko honetan badelako gaiei aurrez aurre begiratzeko nahia, ihes egin gabe, gai gordin eta mingarriak izanda ere, baina ez dago hor gelditzeko asmorik. Gerora, kanta guztiak doaz argirantz edo nolabaiteko arintasunerantz.

Kontzertua:

  • Artista: Eñaut Elorrieta. Lekua: Victoria Eugenia (Donostia).

  • Eguna eta ordua: Igandea (19.00).

  • Sarrerak: Agortuta.

- Hainbat bidaiatan oinarritu zara diskoaren kantak sortzeko: lehenbizikoa heriotzatik bizitzara egindako bidaia da.

- Diskoak badu kanpo testuinguru bat. Herri mailan azken urteotan ziklo politiko baten bukaera bizi izan dugu, trantsizio eta digestio aro batean gaude orain. Pertsonalki ere, ziklo aldaketa bitalek zeharkatzen dute diskoa, aitatasuna eta aitaren heriotza bizi izan baitut azken urteotan. Eta kontestu artistikoari dagokionez, 'Deserriko kantak' eta 'Harian'-etik nator. Proiektu horietan nirekin oso identifikatuta zeuden molde batzuk eraitsi nituen; orain eraikitzen ari naizela sentitzen dut.

- Gai sozialetatik gai existentzialetara ere salto egin duzu. Zerk eragin du aldaketa?

- Egia esan, ohartu naiz erbestea bezain kontzeptu politiko eta sozialak diren gaiak direla maitasuna, heriotza... Baina bai, hau nire disko pertsonalena da. Aurrekoan erbestearen kontzeptuaren atzean babestu nintzen eta orain azken urteotan bizitakoek nire baitan sortutakoa kantatzera nator finean.

Publicidad

- Iluntasunetik argirako bidaian, «sakontasunetik ihes egiten» saiatu zara, «betiere sakontasuna galdu gabe». Hori lortzea posible al da?

- Sakonkeriatik ihes egin dut sakontasuna ez galtzen saiatuz. Erredundantzia ez interesgarrietatik aldentzen saiatu naiz eta gai sakonez edo mingarriez kantatzerakoan, hitz arinak erabili ditut. Dohako efektuetatik ihes egiten ahalegindu naiz, baita gaietan drama eta euforia saihesten. Emozioak eta egoerak haien ertz guztiekin harrapatzea zen nire obsesioa, eta esaten eta erakusten ez zenak ere itzala izan zezala kantetan.

- Puntu honi lotuta al dago «astroetatik partikuletara» egindako jauzia? Handitik txikira joan zara gauza txikietan baitago bizitzaren mamia?

- Gehienetan, gauza handiez hitz txikiak erabilita hitz egin dut. «Zaldi zuri bat», «ur gainean arrasto bat», «irteera argiak», «hautsa izan», «eginbehar hutsalak»... Denak dira kontzeptu argiak edo arinak, gaiak mardulak izan arren. Musikalki, nigan inertzia berezko bat dago handira eta epikara jotzekoa, eta errekurtso horietan ez oinarritzen saiatu naiz, nire berezko joera horri muzin egin gabe, neurri interesgarriago batera ekarrita.

Publicidad

- Eta azkenik, bakardadetik partekatzera pasatu zarela ere aipatu zenuen aurkezpenean...

- Prozesu interesgarria izan da. Kanten sorkuntza bakartia izan da, baita proiektuaren zutabeen eraikuntza ere. Hor norbere buruarekin izaten dira borroka handienak, norbere zalantza eta beldurrei aurrez aurre begiratu behar zaielako, eta norbere mugak onartu. Ostean etorri da sorkuntza kolektiboa, musikariekin batera estudioan egin duguna. Ruben, Borja, Maite eta Fernando gabe disko hau ez litzateke dena izango.

- Imajinatzen dut formatu klasikoa zeukan 'Harian' ikuskizunean eta rock kontzertu batan oso energia ezberdinak sortuko direla...

- Biak dira interesgarriak eta biak dira maila berean giro sotilak eta bortitzenak irudikatzeko gai. Sokekin energia organikoagoa da, elektrikoagoa aldiz rock formatu batean. Bi energia horietatik badugula esango nuke orain, Fernandoren kontrabaxuak eta Maiteren biolin eta biolak ematen digutelako haize hori.

Publicidad

- Folka eta rocka estilo nagusiak badira ere, soinu akustikoak gailentzen dira elektrikoen aldean...

- Oso jantziak egon arren, kanta guztietan jarraitzen dut entzuten ahots bat gitarra akustiko soil batez kantu bat jotzen: oso interesgarria iruditzen zait hori.

- Zenbait testu zuk idatziak dira, eta beste batzuk, berriz, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendi idazleenak dira.

- Diskotik diskora gero eta gehiago idazten ari naiz, bada niretzako erronka moduko bat. Oso interesgarria iruditzen zait autore batek bere ahots propioa lantzea hitzetan ere. Horretan ari naiz. Gainerakoan, asko gustatzen zaizkidan idazleekin egin dut lan, elkarlan horrek ere izugarri aberasten baitu nire bidea.

Publicidad

- Iaz, 'Harian' proiektuari heldu zenionean, esan zenidan: «Kantari gisa berriz hasteko gogoa neukan». Nolakoa izan da zure ahotsaren bilakaera oraingoan?

- 'Harian' proiektuarekin ahotsa zentroan jarri eta bide berrietatik zaildu nintzen. Uste dut horrek eragina izan duela sortu ditudan kanta berrietan. Azken urteotan aurkitu ditudanak bildu ditut disko honetan. Tonu baxuagoak aukeratu ditut, ñabarduretan aberatsa izaten ahalegindu eta baretasun batetik emozioa lortzen saiatu naiz. Ahotsari espazio handia eskaini diogu lan honetan ere.

- Barkatuko didazu, baina Ken Zazpi-ri buruz galdetu behar dizut. Zein mementotan dago taldea? Mugagabeko geldialdian ala deseginda?

- Ez diot zentzu handirik hartzen termino horietan erantzuteari, inork ez baitaki. Badira ustez betiko joan ziren taldeak eta geroago ezustean bueltatu zirenak, eta badira inoiz joaten ez ziren taldeak eta atseden bat hartzera erretiratu eta bueltatu ez zirenak. Hitzak haizeak eramaten ditu eta batzuetan aurpegi-kontra itzultzen dira gainera. Argi daukat orain nire bide hau lehenesten dudala, aske, pozik eta gorputz bete sormen sentitzen naiz, eta ilusioa egiten didan zeruertz infinitu bat ikusten dut aurrean.

Noticia Patrocinada

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad