Paul Urkijoren 'Irati', Sitgeseko zinemaldiko Sail Ofizialerako aukeratua
Euskal mitologian oinarritutako filma VIII. mendeko garai historiko ilunean dago girotua
Asteazkena, 27 uztaila 2022, 12:29
Urriaren 6tik 16ra bitartean Sitgesen egingo den Kataluniako fantasiazko nazioarteko zinemaldiaren 55. edizioan lehiatuko da 'Irati', Paul Urkijoren bigarren film luzea, Sail Ofizialerako aukeratua izan baita. Euskal mitologian oinarritutako filma, magiatik eta fantasiatik asko duena, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Huescako hainbat lekutan filmatu da, eta VIII. mendeko garai historiko ilunean dago girotua.
Zuzendariaren hitzetan, hizkuntza nagusitzat euskara duen filma «beti kontatu nahi izan dudan Erdi Aroko abenturazko film fantastikoa da. Liluratu egiten nau euskal mitologiak, eta Irati kondairen mundu ilun eta liluragarri horri egiten diodan omenaldi epikoa da». Filma, alegia, . J.L. Landaren eta J. Muñozen 'El ciclo de Irati' nobela grafikoko pertsonaietan inspiratuta dago, «eta gertakari historiko batzuetan ere bai, hala nola Orreagako guduan».
Istorioa abiatzen da Europan Kristautasuna hedatzen eta sinesmen paganoak desagertzen ari diren garaiean, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala. Bertako jain batek laguntza eskatzen dio antzinako jainkosati bat, odolezko itun bat medio. Etsaia garaituko du, trukean bere bizitza emanda eta hil aurretik semari eskatuta babestu eta gidatu dezala herria. «Urte batzuk beranduago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, modu paganoan lurperatuta dagoena Karlomagnoren altxorrarekin batera», irakur daiteke sinopsian. Bera kristaua izan arren, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko batena.
Aktoreei dagokienez, talde bikaina bildu du Urkijok: Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate, Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kepa Errasti eta Itziar Ituño, besteak beste. Talde teknikoa ere entzute handikoa da: Nerea Torrijos da jantzien buru, Mikel Serrano arte-zuzendaria, Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja soinu-bandaren egileak, David Heras eta Jon Serrano efektu berezien arduradunak eta Gorka Gómez argazki-zuzendaria.