Borrar
'Eraukon, Eskuaren mintzoa' film-dokumentaleko grabazio unea.

Ver 9 fotos

'Eraukon, Eskuaren mintzoa' film-dokumentaleko grabazio unea.

'Eraukon', Irulegiko eskuari buruzko dokumentala

Iban Toledok eta Oroitz Zabalak zuzendua, urtebeteko prozesuaren ostean azaroako amaitzea espero dute

Jon Agirre

Donostia

Asteartea, 2 iraila 2025, 11:01

Comenta

Iruñetik 15 kilometrora egindako indusketetan aurkitu zen hainbeste harrabots sortu duen Irulegiko eskua eta hantxe, Aranguren Ibarran, igaro dute uda Iban Toledok eta Oroitz Zabalak 'Eraukon, Eskuaren mintzoa' film-dokumentala grabatzen. Duela urtebete hasi zuten jarduna eta, ordutik, hainbat tokitan filmatu ondoren, besteak beste Frantzian, Erresuma Batuan, Madrilen, Bartzelonan edo Euskal Herrian ere (Tolosa, Irurita, Gaztelu, Bujanda, Iruñea eta Gasteiz), azaroan amaitzea aurreikusten dute.

Ikus-entzunezkoan arkeologo gazte talde bat da protagonista. Sinopsiak dioen bezala Europa hegoaldeko txoko menditsu batean objektu berezi bat aurkitu dute, «brontzezko esku misteriotsu bat, idazki enigmatiko eta deszifraezin bat gordetzen duena. Europako azken indigenen hizkuntzaren aurrean egon gintezke». Hala, «zer esan nahi digu 'Irulegiko eskuak'?» galderari erantzuna eman nahi izan diote Toledok eta Zabalak.

2021eko uztailean, oso ondo zer zela ez zekitela, aurkitu zuen Leire Malkorra tolosarrak gerora 'Irulegiko eskua' bezala ezagutu den brontzezko lamina, 2.000 urte baino gehiago dituena. Eztainu eta kobrezko aleazio zahar bat, apenas 14,3 zentimetro luzeraz, 12,7 zabaleraz eta lodieraz milimetro bat. Inskribaturik 40 zeinuk osatutako bost hitz, lau lerrotan. K. a I. mendean izan zen sute batek estali zuen orain arte aurkitutako baskoien hizkuntzako aztarna zaharrena, ustez euskararen aitzindaria izan daitekeena.

Protokoloak betez, zazpi hilabete itxaron behar izan zituen lehen sentsazioan iruditutakoa, hura zerbait zela, berresteko. Mattin Aiestaranekzuzendu zuen kanpaina eta hark esan zion telefonoz. 2022ko azaroan jakinarazi zuen Aranzadik, 'Sorioneku' hark egungo 'zorioneko'-rekin zuen antzak berretsi zuen «baskoiak herri alfabetatua zirela, irakurtzen eta idazten zekitela», oraindik ez baitzen demostratua. Hala ere, duela gutxi egindako ikerketa bati esker, aditz bat aurkitu ahal izan da idazkunaren amaieran: 'eraukon'. Honek 'eradun' aditzarekin zerikusia izan dezakeena (euskaraz eman, eskaini edo entregatu).

Oihartzun ikaragarria

Harrabotsa ez zen txikia izan, adierazpen mordoa eta are aditu gehiago agertu ziren hedabide zein sare sozialetan. Ilusio erreakzioak, omenaldiak -Bulego taldeak abesti bat egin zion- zein uneaz aprobetxatzeko saiakerak ez ziren falta. Hainbesteraino non apenas bi aste igarota Nafarroako gobernuak pausoa eman behar izan zuen, Patente eta Marken Espainiako Bulegoak ehungintzaren, edari alkoholdunen edo jostailuen sektoreen marka erregistratzeko eskaerak jaso baitzituen.

Soinu eta bestelakoen artean, noski, badira ekarpen modura lasaitasuna ere dakartenak. Blanca Urgell euskaltzaina eta euskararen historian espezializatuta dena nabarmendu zen, onena «gaia zertxobait hoztea» zela aldarrikatu zuenean. Bide horretan mugarri izan da Antiquity aldizkariaren 2024ko zenbakia, hain zuzen Aiestaranek -besteak beste- sinatutako artikulua jaso baitzuen, Aranzadik aldarrikatu bezala «sekulako onespena». Hartan aipatzen zen jada ezagun zen 'sorioneku' formaz gain 'sorioneke'.

Hari horri tiraka jardun dute Toledok eta Zabalak «euskararen jatorriaren inguruko misterioa» argitzen saiatzeko. «Aurkikuntza soil bat izateaz harago», 'Irulegiko Eskua'-ren deskubrimendua «gure nortasun eta kulturaren ikur» bilakatu dela dio lehenak. «Euskaldunok teoria askoren kontra herri alfabetatua ginela frogatu du eta euskara, orain ez asko, kanpotik etorritako hizkuntza zioen beste zenbait teoria alde batera uzten ditu». Hala, dokumentala «merezi duen eta euskal herritarrongan piztu duen interesaren mailan egotea» espero du, jakitun bada ere «erronka ez dela makala».

Bere aldetik, Zabalak xehatu bezala prozesua hiru urtekoa izan da eta batetik bestera eraman ditu, «Arangurengo arkeologia-aztarnategitik Europako hainbat lekutara». Beste arrazoien artean, adituen laguntza bilatu dute «parekorik ez duen aurkikuntza baten misterioaren arrastoari jarraitzeko». «Zirraragarria da filmatzea brontzezko objektu txiki hau nola berridazten ari den euskararen historia eta, horrekin batera, gure kulturaren eta sustraien historia. Baliteke euskara Europa osoko hizkuntza bizi zaharrena izatea», iritzi du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Eraukon', Irulegiko eskuari buruzko dokumentala