Beste sei bertsolari Eskolarteko Txapelketaren finalera
Ekain Tolaretxipik jantzi zuen ostiralean Gipuzkoako txapela, eta Bizkaia eta Nafarroako finalak Janire Arrizabalagak eta Beñat Astizek irabazi dituzte, hurrenez hurren
Igandea, 30 maiatza 2021, 14:31
Iaz pandemiaren eraginez bertan behera geratu ostean, aurreikusitakoaren arabera doa aurrera Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Asteburu honetan urrats handia egin du finalerako bidean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako finalak jokatu baitira. Hiru saio horietatik, sei bertsolari igaro dira zuzenean udazlekenean jokatuko den finalera, txapeldunak eta txapeldunordeak lortzen baitute 14-18 urte bitarteko bertsolariei zuzendutako txapelketaren azken hitzordurako txartela. Arabarrak gainerakoen aurretik ibili ziren, maiatzaren 15ean egin baitzen finala Agurainen.
Azken egunotan, esan bezala, beste hiru lurraldetan iritsi da bidea final nagusiaren aurreko helmugara. Gipuzkoako Eskolartekoaren finala ostiralean jokatu zen, Urnietan, aurretik egindako lau kanporaketetako irabazleen eta puntuazioz sailkatutako bi bertsolarien artean. Joar Garate Rueda, Nerea Isusi Gomez, Naia Arrizabalaga Arrieta, Amets Aizpurua Manzisidor, Ekain Tolaretxipi Errasti eta Jon Mendiluze Mujika aritu ziren Sarobe aretoan, eta azkenean Ekain Tolaretxiki hernaniarrak lortu zuen puntu gehien, Naia Arrizabalagaren aurretik. Bi bertsolariok ordezkatuko dute hortaz Gipuzkoa finalean.
Larunbatean, berriz, Nafarroako eta Bizkaiko finalak izan ziren. Nafarroakoa Lesakan jokatu zen, Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren baitan. 11 bertsolari gaztek hartu zuten parte txapelketan, eta horietatik, Barañaingo Beñat Astizek jantzi zuen txapela. Txapeldunorde, berriz, Eki Mateorena izan zen. Bizkaikoari dagokionez, hiru kanporaketa izan ditu, eta finala Igorreko Lasarte aretoan jokatu zen, zortzi bertsolarirekin. Azkenean, buruz burukora June Diaz eta Janire Arrizabalaga heldu ziren. Puntu gehien lortuta, Arrizabalaga izan zen txapeldun, baina biek ordezkatuko dute Bizkaia Euskal Herriko finalean. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertsolari gazteak, berriz, ekainaren 26an elkartuko dira, Senperen, eta saio horretatik irtengo dira Ipar Euskal Herriko bi finalistak,
.