Beasain liburutegi irekia izango da bihar zortzi
'Liburuak Libro' ekimenak, «euskal liburuak bistan» jartzeaz gain, banakoen konpromisoa aktibatu nahi du, eta gune berriak sortu euskaraz bizitzeko
Une honetan, ia 13 milioi liburu omen dabiltza libre munduko 132 herrialdetan barrena; norbaitek utzitako liburuak, beste norbaitek hartu eta irakur ditzan. Hori dio, behintzat, Mundu Liburutegia osatzeko asmoarekin 2001 urtean sortu zen BookCrossing ekimenak.
Sare horretatik at ere badaude liburuak debalde partekatzean oinarritutako saioak, jakina. Beasain ere ari da berea lantzen, 'Liburuak Libro' izenekoa, euskarazko liburuei lotua. Datorren asteburuan gauzatuko den proiektua euskara eta euskal literatura sustatzeko bide berrien etengabeko bilaketan diharduen Irakurle Taldearen ekimena da, azken bi urteetan egindako Euskal Liburuak Kalera-ren segida.
-
Mekanika Euskarazko liburu bat herriko txoko batean utzi, beste norbaitek har dezan.
-
Izena ematea Bihar (martxoak 31) arte, beasainhe@gmail.com helbidera bidalitako mezuan izen-abizenak, liburua eta liburua utziko den txokoa zehaztuz.
-
Beste data batzuk Apirilaren 4an liburuen eta tokien zerrenda zabalduko da, eta 7an abiatuko da jarduera nagusia.
-
Sare sozialak #LiburuakLibro etiketa erabiltzea proposatzen dute sustatzaileek. Liburua uzterakoan eta hartzerakoan argazki bat egin eta etiketa horrekin sareetan partekatzea iradoki dute halaber.
«Aurreneko bi urteetan kalejira egin dugu, herria alderik alde festa giroan korrituz, bidean liburuei tartea eskainiz. Hirugarren honetan helburuari eutsi diogu, baina moldea aldatu dugu», dio Irakurle Taldeko eta ekimena bultzatzen duen Ekin eta Eragin taldeko kide Joxe Goikoetxeak.
«Euskarak eta literaturak ezinbestean elkarri lotuta» egon behar dutela uste duten euskaltzale eta irakurzaleon helburu nagusia «euskal literaturaren ikusgarritasuna handitzea» da. «Liburuak bistan jartzea» jendeak irakur ditzan eta, une atsegin eta aberasgarri bat euskaraz igarotzeaz gain, euskara landu dezan; ez eskolan edo euskaltegian, baizik eta aisialdiari eta emozioei lotutako eremuan.
Horrez gain, hainbat zeharkako eragin onugarri aurreikusten dituzte: «Irakurzaletasuna bultzatu; planetari keinu txiki bat egin liburuak berrerabiliz; herritarren arteko harreman eta sareak indartu; herriko txokoak ezagutu... Hizkuntza aurrera atera nahi badugu, guneak sortu behar ditugu euskaraz bizitzeko. Hori lortu nahi dugu proiektu honekin».
Norbanakoen konpromisoa
'Liburuak Libro'-ren funtzionamendua ez da konplikatua. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du. Esan zein liburu utziko duen, eta non. Bihar amaituko da izena emateko epea, eta datorren ostegunean, apirilak 4, egingo dute publiko liburuen eta tokien zerrenda.
Martxa oso onean doa izen-ematea. Badituzte ziurtatuta 150etik gora parte-hartzaile, eta gehiago espero dituzte. Giroa animatzen badoa ere, ekimenak «apirilaren 7an egingo du eztanda». Egun horretan, bihar zortzi alegia, utzi beharko dira liburuak aurretik aukeratutako tokietan, eta jaso ere igandean jaso ahal izango dira. Astelehenean ere bai, irakurle zain egongo baitira jaso gabe gelditu diren liburuak.
Pozik daude ekimenak daraman martxarekin, baina Joxe Goikoetxearentzat parte-hartzaileen eta esku batetik bestera igaroko diren liburuen kopurua baino garrantzitsuagoa da «kualitatiboki egingo dugun pausoa». Eta urrats hori da «norbanakoen aktibazioa eta konpromisoa» sustatzea; kanpaina handiak bukatzen direnean txikitik eragiten jarraitzea, «fokua egunerokoan jarrita».
«Herri ekimen bat gara, eta planteatzen dugu herria modu eraginkor batean aktibatzea. Nork beretik jartzea proposatzen diegu herritarrei: liburu kuttun bat aukeratzea, eta beraientzat esanahia duen toki batean uztea. Liburu asko dauzkagu behin irakurri eta etxean daudenak, hautsa hartzen... Zergatik ez topatu liburu horientzat lagun berri bat, irakurle berri bat, eta dinamizatu horretan oinarritutako mugimendu bat?».
Berak baditu aukeratuta 'askatuko' dituen liburuak -argazkian duzue horietako bat-; non utziko dituen ere badaki: Murumendi inguruan utziko ditu. «Helburua ez da bakarrik euskara, liburuen bidez ingurua ezagutzea eta emozioak sorraraztea ere helburu garrantzitsuak dira».
Parte-hartzaileen arteko sareak sortzeko eta estutzeko, berriz, ez da derrigorrezkoa liburuan bertan adierazten nork utzia den eta nola jarri harekin harremanetan baina, jardueraren berri emateko prestatu duten oharrean dioetenez, «hala nahi badute euren erreferentzia bat utziko dute liburuan. Jaso duenak jakinarazi nahi badu nork hartu duen jakin dadin, herritarren arteko harreman berriak sortzeko bide izan daiteke». Zer idatziko duen eta hartzaileari zer opatuko dion ere badaki Joxe Goikoetxeak.
Eredu baliagarria
«Beasain liburutegi zabal eta handi bat bilakatuko da apirilaren 7an. Egun horretan izango da ekimenaren leherketa, baina ia ari dira gauza oso ederrak gertatzen», nabarmendu du. Familia osoak ari dira izena ematen, «aitona-amonak, gurasoak, ume txiki-txikiak. Herriko presoengana ere heldu da proposamena, eta hunkituta hartu dute proposamena».
Ekimena ez da herrira mugatu. «Ataundarrak, tolosarrak, eibartarrak, zumarragarrak... Parte-hartzaile gehienak beasaindarrak dira, baina beste herri batzuetakoak ere ari dira enteratzen eta izena ematen», azaldu du Joxe Goikoetxeak. Batzuk etorri egin zaizkie -Irrien Lagunak, Euskal Idazleen Elkartea eta beste-, baina beste batzuengana joan egin dira.
«Beasainek muga duen herriekin jarri gara harremanetan, eta herriko gunean, auzoetan eta baserrietan ez ezik, mugetan ere utziko dira liburuak, gure ikuspegia erabat zabala delako eta Euskal Herri osora zabaldu daitekeelako. Gure ustez, beste herri batzuetan ere baliagarria izan daiteke eredu hau», dio. Beasainek hamar herri mugakide dituenez, ez daude liburuak uzteko toki faltan. Hainbat ia hitzartuta dituzte. Azpeitiko mugan, esaterako, Pako Aristik utziko du liburua.