Baldintza berrietara egokitutako bertso saio bikoitza, Amasa-Villabonan
Bertsozale Elkartearen egoitzaren altzealdean dagoen Gudari Plazan egingo dute saioa Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxek
N. A.
Ostirala, 5 ekaina 2020, 10:00
Bertsolariek ez dute erabat eten zaleekiko harremana, internet bidezko saio bikainak ahalbidetu dituzten plaza birtuala zabalik eduki baitu Bertsozale Elkarteak. Hasi gara ordea kaleko bizimodua berreskuratzen, eta plazan elkartzeko irrikitan daude bertsolariak eta bertsozaleak.
Horixe egiteko asmoa daukate ostiral arratsalde honetan, eguraldiak asmoak zapuzten ez baditu behinik behin, Villabona-Amasan, Bertsozale Elkartearen egoitzaren altzealdean dagoen Gudari Plazan. Segurtasun baldintza berrietara egokitutako saioa, Elkarteak Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin antolatua, non zorrotz zainduko diren bertsolarien zein zaleen arteko distantziak eta gainerako neurriak.
Horrek, zaleei dagokienez, aforo jakin bat finkatzea eskatu du: 80 lagunekoa. Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bitan jarriko dira Imanol Artolaren esanetara, azkenean ordubete inguruko bi saio egingo baitira, bata bestearen atzetik.Izan ere, saio bakarra egiteko asmoa zuten. Aulkia bermatzeko ezinbestekoa zen gonbidapena Bertsozale Elkartearen webgunean eskura zitekeen. Segituan bukatu ziren ordea gonbidapenak, eta bigarren txanda bat egitea erabaki zuten. Bigarrenerako gonbidapenak ere agortuta zeuden atzo arratsaldean.
18:30-19:30etara izango da lehenengo saioa eta ondoren, publikoa altxa, aulkiak desinfektatu, eta beste 80 zalerekin 20:00etan hasiko da bigarrena.Bertsozale Elkarteak argitu duenez, «saiotik saiora eserlekuak osasun gomendioek eskatu bezala garbituko dira», eta ikus-entzuleak maskara ekarri beharko du emanaldia izango den eremura sartu eta handik ateratzeko; emanaldian maskararik gabe egon ahal izango da». Bertsoa.eus atariko kamerak ere han izango beraz, saioa etxetik jarraitzeko.