'Auspoa' bildumaren 60. urteurrena, 'Bertsolari' aldizkarian
Beste gai asko ere landu dituzte aurten 30 urte betetzen dituen aldizkariaren udako ale kaleratu berrian
Ostirala, 13 abuztua 2021, 18:54
Aurten 30 urte bete dituen 'Bertsolari' aldizkariak 60 urtera heldu den 'Auspoa' bildumari eskaini dio argitaratu berri duen udako alearen azala, baita barrualdeko tarte zabala ere. 120. zenbakiarekin kaleratu den aleak era askotako gaiei egin die tokia haatik, ohi duen moduan. Esaterako, ia ezinbesteko bilakatu den Zaldieroaren zintari edo, La Basuren eskutik, rapari.
Ez dute ahaztu bertsolaritzari ere gogor eragin dio pandemiak. Besteak beste, bertan behera geratu da bertsolaritza adinekoen egoitzetara eramaten zuen Adin-adin ekimena. Peñaren bertsoek eta Elixabet Etxandiren erreportajeak zer egin den erakusten dute, aurrera begiratuz betiere.
Hitzean oinarritutako bertsolaritzak harreman ona du soilik grafikoak edo batez ere grafikoak diren adierazpide artistikoekin. Horren adibide, Oskia Karrera argazkilariaren 'Bertsoak Argazkitan' liburuari buruzko erreportajea, eta Gaztelumendi anaiek egin eta 'Bertsolari' aldizkariak argitaratuko duen 'Bidea da borrokakomikia' komikiari buruzko elkarrizketa, Beñat Hach Embarek aldizkariaren koordinatzaileak egina. Komikiaren bi orri ere ikusi ahal dira aldizkarian.
Beste ekarpen batzuk dira Jone Uria bertsolariak 'Perlak' atalean 2001eko Txapelketa Nagusiko finala gogora ekarriz egin duena; Patri Urkizuk egin duen balada zaharren azterketa; Ane Zuazubiskarren eta Haritz Mujikaren bertso jarriak; Xabier Amurizak plazaren inguruan idatzi duen testua; Galizan regueifaren berri, Xian Naia adituaren eskutik, eta beste zenbait.
Bi urteurren
Bertsolaritzari buruzko lanak biltzeko sortu zuen 1961ean Antonio Zavala (1928-2009) idazle, euskaltzain eta euskal herri-literaturaren ikerlari tolosarrak 'Auspoa liburutegia'. Uneren batean hartu izan ditu aintzat beste arlo batzuk, baina bilduma osoari erreparatuz gero bertsoari eta bertsolariei eskainitako liburuak dira nagusi. Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboak prestatutako 'Auspoa bilduma (1961-2006) - Azalak'-en irakur daitekeenez, «hasieran, izen bera zuten argitaletxeak eta bildumak. Baina 1994tik 2003ra Sendoak hartu zuen Auspoa bildumako liburuak argitaratzeko ardura eta, azken data horretatik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak».
'Bertsolari' aldizkariak egin nahi izan duena izan da 'Auspoa' zoriondu, eta «zorionik beroenak emateko modu aproposena haien bide luzearen berri ematea» iruditu zaie. Juan Luis Zabalak Joxemari Iriondo eta Pello Esnal elkarrizketatu ditu, eta Txomin Garmendiak bertso sorta bat bidali du.
Aldizkariak berak 30 urte bete ditu 2021ean, eta horren harira antolatu duten Bertso Idatzi Lehiaketako «fruituak jasotzeko garaia heldu da». Hemerotekatik erreskatatu dute, gainera, «duela hiru hamarkada argitaratu genuen alea: Azpirozko itsuarena».
'Bertsolari' aldizkariak lau ale ateratzen ditu urteko, eta denak eskura daitezke 29 euroren truke (harpidetza eginez gero, iazko beste lau opari). Ale solteka ere eros daiteke Elkar-en dendetan.