Las diez noticias clave de la jornada
Donostian aurkeztu zuen atzo diskoa Eñaut Elorrietak. USOZ

«Argia eta ilunaren arteko oreka» bilatu du Eñaut Elorrietak bere bigarren diskoan

'Irteera argiak' hilaren 22an aurkeztuko du musikari bizkaitarrak Andoainen, eta Donostian abenduaren 22an

Juan G. Andrés

DONOSTIA.

Sábado, 9 de noviembre 2019, 11:26

Ken Zazpi taldeak 'standby' egoeran jarraitzen duen bitartean, «aurrera egiteko» gogoz dihardu Eñaut Elorrietak. Atzo 'Irteera argiak' bakarkako bigarren lana aurkeztu zuen, Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunarekin batera. Honen irudiko, «musika-ariketa ez ezik, disko humanistikoa» ere bada, entzuleak «eguzki argitara eramateko ahalegina» egin baitu gernikarrak.

Publicidad

Artistak berak azaldu zuenez, diskoari titulua jartzeko «sinbolo unibertsal» bati erreparatu zion: irteera argiei. «Argi guztiak itzaltzen direnean, badira beste batzuk pizten direnak eta larrialdietan garrantzia hartzen dutenak», esan zuen. Larrialdietako irteeretako ateen ondoan egoten diren kartel horien ideia metafora gisa erabili du, alegia, diskoaren «arima» deskribatzeko.

Bizkaitarrak aipatu zuen hainbat bidaiari esker osatu duela 'Irteera argiak'. Lehenik eta behin, «heriotzatik bizitzara» joan da. Euskal Herrian zein bere bizitza pertsonalean gertatutako gauza askok «busti» dute diskoa: aitatasunak, gertuko jendearen galerak, musika arloan bere burua deseraikitzeko nahiak... Dena den, Kaabestri String Ensemble soka boskotearekin batera «biluzik» aritu ondoren, berriz ere rock banda baten babesa izan du: «Disko honetan eraikuntzan nator, eta deskubritu ditudan gune horiek guztiak bildu ditut».

«Argi guztiak itzaltzen direnean, beste batzuk pizten dira; larrialdietan hartzen dute garrantzia»«Disko rockeroa da, baina kantuaren esentziaren bila joan naiz»»

«Gai sozialetatik gai existentzialetara» egin du bigarren bidaia. 'Deserriko kantak' (2013) erbesteari buruzko lana zen; oraingoan, berriz, gai unibertsalak aukeratu ditu: bizitza, heriotza, maitasuna... «Uste dut nire lan pertsonalena dela, baina konturatu naiz orain arte politikotzat ez genituen gaiak ere badirela politikoak», nabarmendu zuen. Lau abestiren hitzak berak idatzitakoak dira, eta gainerako bostak Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jose Luis Otamendi eta Joseba Sarrionandia idazleenak.

Hirugarrenik, «iluntasunetik argira» ere bidaiatu du eta, jorratu dituen gaiak gordinak badira ere, argirantz joateko nahia gailentzen da beti. Onartu zuenez, «sakontasunetik ihes egiten» saiatu da, «sakontasuna galdu gabe» betiere. Horretarako, hitz arinak eta melodia ez dramatikoak erabili ditu, besteak beste. Laugarren bidaiari «astroetatik partikuletara» izena jarri zion, nolabait ere «handitik txikira» joaten saiatu delako. Bukatzeko, «bakardadetik konpartitzera» jauzia ere egin du. Lokalean bakar-bakarrik ondu zituen hitzak eta doinuak. Ondoren, Uxue Alberdi idazleari eta Ruben Caballero musikariari erakutsi zien bere lana. «Uxuek argirantz bultzatzen ninduen eta Rubenek, berriz, iluntasunera, zikinera. Oreka horretan joan naiz diskoa osatzen», azpimarratu zuen. Gainera, kantak ez zituen «lotuta» eraman estudiora, musikariek ere haien ekarpenak egin ahal izateko. Grabazioan Ruben Caballero (gitarra elektrikoak), Fernando 'Lutxo' Neira (baxua eta kontrabaxua), Maite Larburu (biolina, biola...) eta Borja Barrueta (bateria eta perkusioak) musikariek hartu dute parte.

Publicidad

Soinu naturala

Beste zenbait «erronka» ere aipatu zituen Elorrietak. «Ahotsaren aldeko» apustua egin du eta «tonu baxuagoetan» kantatu. «Giro ilunak» ere jorratu ditu, baina linea melodiko «arinekin» uztartuz. «Soinu natural, elegante eta berezi» bat bilatu dute, baina diskoaren nahasketan ez dira gehiegi konplikatu, «ia zuzenekoa balitz bezala» utzita. Elorrietak uste du «oso disko rockeroa» dela baina berarentzat garrantzitsuena da kanta guztietan «tipo bat gitarra jotzen» entzun daitekela, nahiz eta abesti horiek «oso jantzita» egon: «Kantuaren bila joan naiz, kantuaren esentziaren bila, eta guztiak defendatu daitezke ahotsarekin eta gitarrarekin soilik. Hori izan da nire obsesioa».

Orain, diskoa zuzenean defendatzeko irrikaz dago. Hilaren 22an Andoaingo Basteron aurkeztuko du eta abenduaren 22an, Donostiako Victoria Eugenian.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad