Zumaia
Gaur amaitzen da Eskola Kirolean izena emateko epeaDei egin nahi diete gurasoei euren seme-alabak herriko altxorretako bat den honetan jarraitzera animatzeko
S.U.
zumaia.
Jueves, 26 de junio 2025, 20:51
Zumaiako Udalak, herriko eskolek eta herriko kirol klubek gurasoak deitzen dituzte haien seme-alabak eskola kirolean izena ematera. «Eskola kirola ez da soilik jarduera fisikoa: bizitzako ikasgaiak eskaintzen dituen espazio kolektiboa da, balioetan hezteko gune paregabea. Zumaian, urteetan elkarlanean sendotu da eredua –eskolek, kirol klubek eta Udalak bat eginda–, eta gaur egun, komunitate osoaren babesa behar du bizirik iraun dezan», azaldu dute koordinazio taldetik.
EAEko Auzitegiaren azken epai batek zalantzan jarri du eskola kirolaren eredua, baina Zumaiako eskola kiroleko eragile guztiek argi dute: «eredu hau babestea guztion ardura da». Horregatik, Udalak, herriko eskolek eta herriko kirol klubek elkarrekin deia egin diete gurasoei, haien seme-alabek datorren ikasturtean ere eskola kirolean izena eman dezaten. Izena emateko lehen epea gaur amaituko da (gero aukera egongo da irailean).
Eskola kirola Zumaiako altxor bat dela adierazi dute. Horri esker, 8 eta 12 urteko haurrek jarduera fisikoaren eta kirolaren onurak ezagutzen dituzte. «Baina ez hori bakarrik. Lagunartea, errespetua, enpatia, genero berdintasuna eta beste hainbat balio lantzeko aukera ematen die, eta hori guztia, gure hizkuntzan, euskaraz». Elkarlan ariketa kolektibo handia ere bada. Eskolak, gurasoak, monitoreak, kirol elkarteak eta Udala uztarri berean aritzen baitira.
Kirol aukera zabaldu egin da, eta orain, judoa, arrauna, piraguismoa, pilotaren modalitateak, igeriketa eta hockeya ere egiten dituzte, azkeneko hau herrian txertatuta ez badago ere. Eskubaloia, futbola, saskibaloia eta mendizaletasuna lantzen segitzen da. «Aldaketa horrek onura ekarri die kirol elkarte horietako askori. Eskola kiroleko haurrek kirol hori maila federatuan egiteko aukera dutenean adinez, hazi egin da kirol horietara azaltzen diren haurren kopurua. Multikirolean oinarritzen da eskola kirola, eta bide onean goazela erakusten digute horrelako datuek» azaldu dute.
Arriskuan
Euskadiko auzitegiaren epai batek eskola kirola arriskun jarri duela ikusita, agiri edo adierazpen bat kaleratu dute zumaia.eus atarian. «Derrigortasuna baino onurez hitz egiten segitu behar da, eta epaia eman duen epaileak ez ditu eskola kirolaren onurak aipatzen», adierazi dute. Eskola kirola eta klubetako jarduerak bateragarriak direla nabarmendu dute, «orain arte ikusi izan den bezala». «Epaiaren ondorioak izan daitezke eskola kiroleko parte-hartzea jaistea, klub handien jardueren mesedetan. Horixe da, hain zuzen, eskola kirolaren beste ezaugarri on bat: bateragarria da klubetako jarduerarekin, baina beste hau bakarrik indartzen bada orain epaiaren ondorioz, eskola kirola arriskuan legoke. Aldiz, eskola kirolak ez du arriskuan jartzen klubetako jarduera; kontrakoa da, indartu egiten du», azaldu dute.
Orain da momentua datorren ikasturteko eskola kirolean izena emateko. Zumaian eskola kirola osatzen duten pertsona guztien izenean, dei egin nahi diete gurasoei euren seme-alabak herriko altxorretako bat den honetan jarraitzera animatzeko. «Eskola kirola guztiona da, eta bizitzako ikasgai eder bat ere bada. Galtzea asko galtzea litzateke, eta galtzaile asko izango lituzke: haurrak, nagusiki, eta gero, kirol elkarteak. Herriak behar du eskola kirol eredu hau, eta denon ardura da horrela izaten segitzea. Orain izena emateari uzten badio jende multzo handi batek, eskola kirola bera legoke arriskuan», gaineratu dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.