Zestoa
Zestoako zaintza saretu da, hau adinekoen kontua bakarrik ez delakoUdalak, hainbat eragilek eta auzoek bat egin dute zaintza saretzerakoan eta hiru hilabetero, etxez etxe, ekintzekin eskuorria banatuko da
'Zestoarrok etorkizunean nola zainduak izan nahi dugu?', galdera egin dute herriko hainbat eragilek eta hariari tiraka eta lan askoren ostean, Zestoa Zaintza sarea sortu da. Atzo aurkeztu zuten proiektua Mikel Arregi alkateak, Joseba Illarramendi San Juan egoitzako zuzendari eta Zaintza Mahaiko koordinatzaileak eta Ane Lizaso, Zabalduz Kooperatibako koordinatzaileak.
Proiektu berri hau «herrigintzatik sortu» da, azaldu zuen Illarramendik.
Zaintza 'modan' dagoen gaia da azkenaldian. Honen garrantziaz ohartuta, aurreko legealdian Adinekoen Mahaia abian ipini zen Udalean. Baina zaintza «ez da adinduek kontua bakarrik, komunitatearen beharra dago». hori dela eta 18 eragile batu dira proiektuan eta auzoak ere gehitu dira tokiko zaintzari garrantzia emateko. Besteak beste, Udala, herriko bi egoitzak, pentsiodunen elkartea eta 3Z elkartea, herriko Osakidetza zentroko ordezkariak eta herriko kirol zerbitzua daude. Zestoa bederatzi auzok osatzen dutela kontuan hartuta, hauetara ere zabaldu da proiektua.
Plan bat eratu da eta alkatearen hitzetan «izena eta izana eskutik doazelako», Zestoako zaintza eragile desberdinen artean bateratu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntza medio, Udalak Zabalduz kooperatibarekin –babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak sozializatzeko egiten du lan–, bi urtetarako hitzarmena sinatu du.
Hala, eragileen artean agenda bateratu bat sortu da. Hiru hilabetero banatuko da, etxez etxe. Ekintza irekiak dira eta «garatze bidean» daudenak, zehaztu du Lizasok. Agendan ekitaldi edo ikastaroren bat gehitzeko edo komunitatean ekimenak garatzeko orientazioa behar izanez gero 688 816 943 telefono zenbakira deitu edo anelizaso@zabalduz. eus helbidera idatzi ahal da.