Zestoa
Kobaz Koba Trail lasterketaren arrakasta Oihana Zubillaga eta Iraitz Legorbururen garaipenarekinIbai Angulo eta Ainara Urrutia izan dira Artzei ibilbideko irabazleak
Igandean, Kobaz Koba Trailaren zortzigarren edizioa jokatu zen, Oihana Zubillaga eta Iraitz Legorbururen garaipenarekin. Lehen gizakiaren bideetatik barrena ibili ziren 561 korrikalariek eguraldi eguzkitsu eta freskoarekin egin zuten korrika. «Beste behin herria goraino bete zen kirolari eta hauei animoak ematera etorri zirenekin», azaldu dute antolatzaileek. Zaldei (26 kilometro) ibilbidea egin zutenen irteera ordua 09:00etan izan zen, eta Artzei (15 kilometro) 45 minutu beranduago, 09:45ean.
Iraitz Legorburu getariarrak irabazi zuen Zaldei ibilbidea, 2:18:15ean osatu zuen proba; bigarren postua Marc Vizcainorentzat (Laudio) izan zen 2:20:15 denborarekin; eta hirugarren postua Asier Rajadorentzat (Andoain) 2:21:29 denborarekin. Lehen zestoarra Amets Aranberri izan zen (2:32:09). Emakumezkoetan, Oihana Zubillaga (Anoeta) izan zen irabazlea, 26 kilometroak 2:45:44an osatu zituen; Sonia Lopez (Ermua) bigarrena izan zen 2:50:16 denborarekin; eta Ainhoa Caporossi zumaiarra hirugarrena izan zen 2:55:27rekin.
Ibai Angulok (Urrestilla, Azpeitia) irabazi zuen Artzei ibilbidea, 1:11:38 denborarekin osatu zuen 15 kilometroko proba; Dani Lopez de Mendiguren (Uribarri-Dibiña, Araba) bigarrena izan zen 1:13:55 denborarekin; eta Beñat Ibañez (Zumarraga) hirugarrena 1:14:03 denborarekin. Lehen zestoarra Joseba Eizagirre izan zen (1:26:02). Emakumezkoetan, Ainara Urrutia (Aretxabaleta) izan zen irabazlea, 15 kilometroak 1:25:59an osatu zituen; Ane Elzaurdia (Bera, Nafarroa) bigarrena izan zen 1:29:54 denborarekin; eta Irati Larrañaga (Usurbil, Gipuzkoa) hirugarrena 1:30:50 denborarekin. Lehen zestoarra Aintzane Diaz izan zen (1:44:44).
Sailkapen guztiak www.kirolprobak.com webgunean daude ikusgai. Guztira 561 parte har-tzaile izan ziren, 269 Zaldei ibilbidean eta 292 Artzei ibilbidean.
Hilabeteetako lana
Antolakuntza hilabeteetan luzatzen da eta ondo koordinatuta egon ziren igandean gune anitzetan ikusi ziren herriko boluntario talde desberdinak. Aurreko egunetik ibilbidea dagokion moduan seinaleztatuta utzi zuten eta lasterketa egunean hainbat puntutan lanean jardun ziren, «esaterako herriko plazari itxura ematen, dortsal banaketan, kontsigna zerbitzuan, hamaiketakoan, eta ibilbidean zehar dauden anoa-gune eta bidegurutzeetan».
Lasterketaren ondoren, bertako kalitatezko produktuekin eginiko hamaiketakoa izan zuten parte hartzaile guztiek kiroldegi gunean eta herriko plazan bildu ziren sari banaketari ekiteko.
Kobaz Koba Traileko antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete lasterketaren zortzigarren edizioa egiten lagundu duten guztiei, babesle eta lagun-tzaileei.