Zestoa
Arroa Behea Hezitzailea prozesu parte-hartzaileko bigarren saioa, gaur Arroabeko ElkarguneanEl Diario Vasco
zestoa.
Astelehena, 5 otsaila 2024, 20:37
Arroa Behea Hezitzailea prozesu parte-hartzaileko bigarren saioa gaur, 18:00etan, izango da Arroabeko Elkargunean. 'Hezkuntzarako herri estrategia: nora joan nahi dugu?' izenburupean, Herri hezitzailearen filosofiak, hezkuntzatik herri estrategia aberasteko ematen dituen aukerak mahai gaineratuko dira. «Herri bezala ipar konpartitu bat eraikiko da, hezkuntzatik burutzen diren egitasmo guztientzako testuingurua kokatuz. Norabide horretan elkarrekin dituzten erronkak definituko dira, eta lehentasunak adostu», diote antolatzaileek.
Eragile ezberdinen elkargunea izatea nahi du egitasmo honek: erronkak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintza partekatu bat definitu ahal izateko. Hezkuntza bere osotasunean, modu integral batean lantzea; Arroabeko hezkuntza komunitatea saretzea eta herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adostea da egitasmoaren helburu nagusia. Prozesuan zehar, Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak aholkularitza eta laguntza eskainiko dio Zestoako Udalari.
Hurrengo hitzordua martxoak 12an izango da, 'Plangintza partekatua: nola joango gara?' izenburupean. «Arroabeko hezkuntza elkargunea ezaugarrituko da. Aurreko saioan definitutako ipar partekaturantz joateko, guztien elkarlanerako gunea izango den elkarguneari forma emanez. Hezkuntza elkargunea ezaugarrituko da; maiztasuna, funtzionamendua, elkarrekin egin daitezkeen ekintzak eta baliabideak identifikatuz. Plangintza partekatua definituko da», aurreratu dute.