Herri kirolak
Zumeta eta Lopetegi zarauztarrak onenak Donostiako harri baldarrekinIrabazteaz gain errekor berriak ezarri zituzten Igeldoko Harria eta Uliako Harriekin, Ainitzek 21 jasoaldirekin eta Mikelek 20 jasoaldi eman ondoren
Herri kiroletan zarauztar harrobiak osasun ona dauka eta urteak joan eta urteak etorri gero eta kirolari gehiago eta maila handiagokoak ditugu herrian.
Horren erakusle izan da joan den larunbatean Donostiako Aste Nagusiaren barne lehiatu zen harri baldarren lehiaketa. Trinitate Plaza jendez beteta zegoen Igeldoko Harria gizonezkoetan eta Uliako Harria emakumezkoetan nork jasoko zuen gehiagotan zuzenean bizitzeko.
Denen ahotan zeuden bi zarauztar, Mikel Lopetegi 'Urra' eta Ainitze Zumeta baina aurkari gogorrak zituzten eta erronka ez zen batere erraza.
Gari Garmendiak ireki zuen Igeldoko Harriaren lehia (135 kilo inguruko harria) eta banaka-banaka lanean ikusi zituen Urrak bere aurkariak. Zortzigarrena izan zen bera eta hasi aurretik bazekien Paulo Azpiazuren marka gainditu behar zuela, honek 18 jasoaldi egin baitzituen bere aurreko marka lau jasoalditan hobetuz.
Mikelek ere 18an zuen bere marka onena eta hori gainditzea zuen lehen helburua. Bizkor ekin zion lanari eta sei segundo besterik ez zituen behar izan lehen aldiz Igeldoko Harria sorbaldan berdintzeko. Hortik aurrera ikusgarria izan zen bere laba.
Aho zabalik utzi zituen Trinitate Plazan bildu zirenak. Larunbatera arte, Goenatxo II.ak zuen marka onena, 19 jasoaldi eman baitzizkion 2002. urtean Anoetako belodromoan orduan bertan lehiatzen zen Euskadiko Sei Orduak txirrindularitza probaren barruan. Beraz irabazi nahi izanez gero marka hori berdindu beharra zegoen baina eguna aproposa zen errekor berria ezartzeko eta Urrak ez zuen hutsegin, ikusleen txalo artean jaso baitzuen 20. aldiz harria.
Errekor berria eta marka handia zalantzarik gabe. Mikel oso pozik zegoen eta ez da harritzekoa, Goenatxo gainditu eta harrijasotzaile onenen artean dagoela erakutsi baitu. Bigarren Azpiazu (18) eta hirugarren Beñat Telleria (14) sailkatu ziren. Imanol Royok (13) eta Iraitz Arrutik (10) ere lan ona egin zuten Donostian.
Ainitzek ere errekorra
Emakumezkoek Uliako Harriarekin lehiatu zuten. 70 kiloko harri baldarra jasotzerakoan, denen ahotan zegoen Ainitze Zumeta zarauztarra, joan den urtean 17 jasoaldi egin zituen eta hori gainditzea zuen helburua.
Honek ere gogor ekin zion lanari eta bizkor ikusi zen eguna zuela. Jasoaldiz jasoaldi, zaleen garrasi artean, indartsu ikusten zen Ainitze eta amaieran marka berria ezarri zuen 21 jasoaldi egin ondoren. Errekor berria Uliako Harriarekin.
«Indartsu ikusten nuen nire burua. Bai Uliako harriarekin eta baita bi egun lehenago izan nuen Mallabiko harriarekin oso ondo moldatu naiz, prestaketa egokia egin da netorren saio hauetara eta lasai atera nintzen plazara, seguru nengoen nire gaitasunaz eta konfiantzaz ekin nion lanari. Urtetik urtera hobekuntza nabarmena ikusten dut nire buruan eta datorren urtean berriz seguruago joango naiz Trinitate Plazara lan hau egitera» esan zion Ainitzen egunkari honi garaipena lortu ondoren.
Errekor berriari dagokionez zera zioen harrijasotzaile zarauztarrak: «Agian ez nituen 21 jasoaldi egin behar, nahikoa izango zen 20 egitea baina ondo ikusi naiz eta hor utzi dut marka berria. Datorren urtean 22 jasoaldi ematera etorriko naiz Donostiara».
Lehen aipatu dugun zarauztar harrobiaren lekuko sailkapena dugu. Ainitzeren atzetik geratu ziren beste bi harrijasotzaile herrikoak, bigarren tokian Lierni Osa (17 jasoaldirekin, aurreko urtean baino hiru gehiago) eta hirugarren geratu zen Maddi Gesalaga gaztea, 16 jasoaldi eman ondoren. Naroa Arrutik bederatzi aldiz berdindu zuen Uliako Harria sorbaldan.