Astilleroko San Jose Bandera ere, Oriora
Orio Orialkik irabazi zuen Bandera, zortzikoa eta traineruaren denborak kontutan harturik
Orio Orialki gizonezkoen taldeak Astilleroko San Jose bandera irabazi zuen igandean; zortzikoa eta traineruaren denborak batuta, denbora onena egin zuten oriotarrek. Esan beharra dago, bost sari irabazi zituztela: traineru igoera eta sprinta; zortzikoa, baita ere igoera eta sprinta eta San Jose Bandera, igoerako denboren batuketa kontutan izaten baditugu.
Orio Orialkiren zortzikoak, 4.000 metrotako igoeran eta 500 metrotako sprintean, ondorengo arraunlariak uretaratu zituen: Jon Salsamendi, Miguel Angel Millares, Jon Arriola, Jon Lizarralde, Joseba Rodriguez, Ibon Urbieta, Oihan Gozategi, Mikel Lizarralde eta Haizea Gozategi (lemazaina).
Traineruan, bestalde, ondorengoek egin zuten arraunean, hauek ere 4.000 metrotako igoera eta 500k sprintean: Aritz Lizarralde (aurrekalaria), Jon Olaizola-Xabier Arregi; Jokin Azkonobieta-Kepa Eizagirre; Josu Ostolaza-Jon Iriondo; Jon Carazo-Xabier Manrique; Andoni Campos-Iker Zinkunegi; Ioritz Etxeberria-Joseba Azurmendi eta, patroi lanetan, Ander Etxegoien, aurten fitxatu duten getariarra.
Oraindik traineru denboraldia hasteko hiru-lau hilabete geratzen dira, baina test hauek bere garrantzia dute. Orain astebete Castron eta joan den asteburuan Astilleron, Orio nagusitu da eta honek zerbait esan nahi du, arraunlariak neguan lan bikaina ari direla burutzen. Esan bezala, goiz da oraindik, baina gauzak ondo doazela dirudi.