Inauteriek girotuko dute gaur herria
Atzokoan ikastetxeek ospatu zituzten inauteriak eta gaurkoan festa giroa herri osora zabalduko da
Herriko ikastetxeek ospatu zituzten atzokoan inauteriak, izan ere bai Herri Ikastola eta baita Zaragueta eskolako haur eta irakasleek beraien mozorroekin ikastetxe inguruak eta herriko kaleak girotu zituzten. Honela, Zaraguetak, Euskal Herriko inauterien gaia harturik, hainbat pertsonaiaz mozorroturik ibili ziren kalejiran herrian zehar: galtzagorriak, Luzaideko bolantak, Nafarroako Lantzeko txatxoak...
Arratsaldean berriz, ikastetxeko frontoian dantzen eta mozorroen erakustaldia izan zuten gurasoen aurrean. Ikastolak, berriz, pregoiaren ondoren, txikienek kalejira egin zuten eta segidan guztiak Ikastola aurrean elkartu ziren.
Eta atzokoaren ondoren, gaurko inauteri egun honetan musika protagonista duen egitaraua prestatu du Udalak. Eguerdian, Burrunba elektrotxaranga ibiliko da kalez-kale giroa jartzen. Ondoren, 14:00etan herri-bazkaria izango da pilotalekuan eta arratsaldean berriz, 17:00etatik aurrera, familientzako disko-festa herriko plazan.