Getaria
Zarauzko Ikurriñari begira dira dagoeneko gure arraunlariakHondarribian eta Pasaian ohikoa baino emaitza okerragoak izan arren aurrera begira dira
Abuztuko azken igandean lehiatuko dute Esperantzako mutilek herriko estropada, XV. Getariako Ikurriña / Igez Eraikuntza Sari Nagusia. Aurrez, datorren asteburuan etxetik hurbilen dagoen beste estropada dute, XLVII. Zarauzko Ikurriña, bi egunetan lehiatzen dena.
Etxetik aterako dira Zarauzko uretara joateko eta zaleek hurbiletik ikusteko aukera izango dute. Agian azken emaitzak ikusita, bereziki asteburu honetakoak, desilusio apur bat egon daiteke orain artekoa ikusita baina ziur gaude prestaketaren ondorioak direla eta azken txanpa honetara begira daudela Ion Larrañaga eta bere kirolariak. Zarauzko Ikurriña, herrikoa eta ondoren Kontxako kanporaketa erronka oso erakargarriak dira eta hor eman nahiko dute daukaten guztia.
Oso maila onean ibili dira orain arte eta nahiz Hondarribian eta Pasaian emaitzak nahi bezalakoak ez izan, Hondarribiko XXXVII. Banderan 10. eta Pasaiako I. Adinberri Banderan 8., Eusko Label Ligan jarraitzea ziurtatua dute beste denboraldi batez eta hori da, zalantzarik gabe, helburu nagusia. Sailkapen orokorrean seigarren daude eta 5 handien atzetik beraiek dira onenak. Tamalez Unax Eizagirrek patroi onenaren lidertza galdu du.