Itsas Kirol Poloa proiektua abiarazi dute ekonomia urdina bultzatzeko
IKP proiektuarekin Urola Kosta Udal Elkarteak itsas-kirolen sektorea profesionalizatzea batetik eta itsas-kirola eskualdean erreferente izatea eta mundu mailan ezagutaraztea nahi du
JUAN MARI ZUBIAURRE
Getaria.
Osteguna, 3 azaroa 2022, 00:07
Urola Kosta eskualde oso anitza da, 5 herriz osatuta dago eta guztiak ingurunearekin elkar lotuta daude, itsasoa, ibaia, mendia, landa gunea eta 2 itsasadarren balioarekin.
Ildo horretan, eskualdearen sustapena eta lehiakortasuna bultzatzea izanik Urola Kostako Udal Elkarteak duen helburu nagusia, ingurune horri erreparatuz eta itsasoa oinarri eta ardatz hartuta, eskualdea balioan jarriko duen eta lurralde osora proiektatuko duen Itsas Kirol Poloa proiektua aurkeztu du, hain zuzen, itsasoa motor ekonomiko gisa ulertzeko eta eskualdeko ekonomia urdinari bultzada emateko.
Aurkezpen ekitaldia Orioko Arraunetxen egin da eta bertan parte hartu dute Lourdes Salsamendi Urola Kostako Mankomunitateko lehendakariak, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak.
Itsasgune IKPren nukleoa da. Espazio fisiko bat edo batzuez osatutako gunea da. Bertatik eramango dira kudeaketa gehienak. Une honetan, Urola Kostako Udal Elkartea espazio fisiko horren konkrezio lanetan ari da, baina asmoa da bertan itsas kirolen inguruan entrenatzea, praktikatzea, ikertzea, ikastea, hausnartzea, eztabaidatzea.... Itsasgunek, halaber, nazioarteko zein bertako erakundeak, enpresak, kirolariak, talentuak, ekintzaileak.... erakarriko ditu.
«Udal Elkartetik apustu irmoa egiten dugu proiektu honekiko, benetan proiektuan sinisten dugulako eta oso argi dugulako ekimenak garapenerako duen bidea eta irismenerako duen indarra. Horregatik, Udal Elkartea, testuinguru egokia ezartzen ari da garapenean aurrera egiten lagunduko duen bide honetan eta aipatu dugun guztia errealitate bilakatzeko lanean jarraituko dugu, orain arte bezala», adierazi du Lourdes Salsamendik, Udal Elkarteko lehendakariak.