Getaria
Inauterietako kartel eta erakusleiho lehiaketak martxan jarri dituzteKartel lehiaketa getariarrei zuzendua dago eta urtarrilak 31 da aurkezteko azken eguna
Hurbiltzen hasi dira Inauteriak eta ohikoa den bezala, Getariako Udaleko Kultura sailak antolatuta martxan jarri dira Inauterietako kartel eta erakusleiho lehiaketak. Kartel lehiaketa getariar edonori irekia dago eta erakusleihoena aldiz, herriko komertzio edo establezimenduei zuzenduta dago.
Kartel lehiaketari dagokionez, edozein adinetako getariarrek har dezakete parte baino bakoitzak gehienez, bi lan aurkeztu ahal izango ditu. Kartelak ondoko testua derrigorrean eduki beharko du, 'Getariako inauteriak 2024'. Horrez gain, partaide bakoitzak goiburu bat gehitu behako dio. Lehiaketako oinarriek diotenez, idazten ez dakiten haur txikien kasuan, ezer ez jarri edo beren erara egina izan beharko du, helduen esku-hartzerik gabe.
Hamasei urte arteko partaideen lanek eskuz eginak izan beharko dute eta gainerakoek berriz, edozein modalitate artistikotan aurkeztu ditzakete. Kartelak A3 neurrian egina izan beharko du eta sinatu gabe egon beharko da. Egilearen datuak (izen-abizenak, telefono zenbakia eta adina) gutun-azal batean, aparte, sartu eta kartelaren izenburu edo goiburu berberarekin entregatu beharko dira.
Lanak udaletxean edo liburutegian aurkeztu beharko dira, horretarako azken eguna urtarrilaren 31 izango da, 19:00etan. Antolakuntzatik gogorarazi dute epez kanpoko lanik ez dela onartuko. Epaimahaia Kultura batzordeak, herriko artistek eta herri eskolako irakasleek osatuko dute eta lanak aurkezteko epea amaitzen den astean bertan hartuko dute erabakia. Kartel irabazleak udalaren esku geratuko dira. Era berean, lan guztien argitalpen eskubidea izango du.
Adinaren arabera, bost kategoria egongo dira: 2 eta 5 urte bitartekoak, Lehen Hezkuntzako lehen eta hirugarren maila bitartekoak, Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren maila bitartekoak, 12 eta 15 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Lehenengo hiru kategorietako irabazleen sariak opariak izango dira eta laugarren zein bosgarren kategorietakoenak, 60 eta 150 euro, hurrenez hurren.
Kartelak ikusgai jarriko dituzte udaletxeko sarreran, otsailaren 6tik 13ra. Irabazle izan ez direnek euren lanak erakusketa itxi eta hurrengo hamabost egunen baitan jaso ahal izango dituzte.
Erakusleiho lehiaketa
Inauterietako giroa pizten joateko baita, herriko establezimenduek parte hartu dezakete lehiaketa honetan. Erakusleihoen balorazioa egiteko, epaimahaiak ondoko irizpideak hartuko ditu kontutan: konposizioa, sormena eta originaltasuna. Lehenengo sarituak 120 euro jasoko ditu, bigarrenak 80 eta hirugarrenak 50.
Otsailaren 10ean, larunbata, 10:30etik aurrera, herriko hainbat elkartetako ordezkariekin osatutako epaimahaiak establezimenduak bisitatu eta erakusleiho sarituak hautatuko ditu.