Getaria
Getariarrek ikasgela berria izango dute Ulpiano Etxeko lehen solairuan apirilaren hasieratikLehen solairuan egokitu dute ikasgela berria, eta esku-hartzeek 24.000 euroko kostua izan dute
Ikasgela berria apirilaren 1ean jarriko dute martxan, eta Ulpiano eraikineko lehen solairuan egongo da. Herritarren beharrei erantzuteko, Getariako Udalak zerbitzu berri bat jarri zuen martxan 2013an: ikasgela. Behin-behinean, kultur etxean, liburutegiaren alboan kokatzen zen lokal bat egokitu zuten horretarako, eta, azken urteotan ugari izan dira zerbitzua erabili duten herritarrak.
Erabilpenak, ordea, lekuaren gabeziak azaleratu ditu; besteak beste, erakutsi du bateraezinak direla liburutegiko sartu-irtenek eta musika-eskolako instrumentuek sortzen duten soinua, eta ikasketek exijitzen dituzten isiltasuna eta arreta. Horrez gain, behar berriak ere sortu dira azken urteetan.
Txoko berri bat
Arrazoi horiek tarteko, Udalak herrian ikasgelarentzako beste txokoren bat aurkitzeari ekin zion. Zarautz Jauregiaren berreraikitze-lanak bukatuta, herriak espazio berri bat du azken solairuan; horrenbestez, Ulpiano aretoa bestelako erabilpen batzuetara bideratzeko aukera sortu zen, eta Udalak pentsatu zuen aukerako lekua zela ikasgela jartzeko. Horrela, bada, aretoa egokitzeko lanei ekin zion; besteak beste, espazioa zatitu, hormak margotu, lurra aldatu eta altzari berriak jarri dira.
Ulpiano ikasgelan egindako esku-hartzeek 24.000 euro inguruko kostua izan dute guztira. Ikasgela berriak aurreko zerbitzuareb ordutegi bera izango du: astelehenetik ostiralera, goizeko 08:00etatik 20:00etara.
Giltza elektronikoa
Sartu-irtenetarako giltza elektronikoa jarri dute. Liburutegiko arduradunek kudeatuko dute gaia, eta bertan eskuratu ahal izango dira txartel elektroniko berriak. Lehendik txartela zuten erabiltzaileek ere liburutegitik pasatu beharko dute, beraien txartela berriro aktibatzeko eskatzera (ez dute gainkosturik izango).