Futbol eta aretoko Keta Babyauto taldeak garaipena lortu dute
Porrota jaso duen talde bakarra saskibaloikoa izan da, Donosti Dolphins 58 - Keta Sharks 49
JUAN MARI ZUBIAURRE
getaria.
Asteazkena, 16 azaroa 2022, 00:05
Badirudi asteburu hau hobea izan dela Keta Babyautoko taldeentzat. Hirutik bi izan dira garaipena lortu dutenak, futbol eta aretoko taldeak, eta galdu duen bakarra saskibaloikoa izan da.
Larunbatean Mendibeltz futbol zelaian Ketak Urki taldea hartzen zuen eta azken hiru porrotak ahaztu nahian garaipenaren bila atera ziren. Lehen zatiko amaieran lortu zuen Julen Esnalek partidako gol bakarra eta hiru puntu hauekin Urki gainditu eta zazpigarren postura igo dira getariarrak.
Asteburuan gainera, puntu berberak dituen Anaitasuna taldearen zelaian jokatuko dute. Ordurako ez dakigu partidan min hartuta bukatu zuten bi jokalari prest izango diren, Manex Aizpurua eta Julen Azpeitia.
Areto futbolean ostiralean Sahatsagan 6 eta 1 nagusitu ziren etxekoak Goierri taldearen aurka, denboraldiko bigarren garaipena erdietsiz. Saskibaloian Sharks taldeak Benta Berrin 58-49 galtzen zuten.