Getaria
Bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa berretsi dute herriko bi finantza erakundek2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak UEMArekin
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Asteazkena, 26 azaroa 2025, 19:57
Duela bederatzi urte lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak UEMArekin, 2021an Bankoa Abanca gehitu zen eta orain Tolosan, hitzarmena eguneratu eta berretsi dute UEMArekin hiru finantza erakundeek, horien bulegoak dituzten 59 udalerri euskaldunetako udalekin batera, tartean Getariako Udalarekin.
Gure herrian Kutxabank eta Laboral Kutxa bulegoak ditugu eta bi erakundeen ordezkariak eta Getariako alkateak hainbat kontu hitzartu ondoren, zazpi puntutan bildu dituzte. Hauek;
1. Elkarren arteko harremanak. Udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira.
2. Hizkuntza irizpideak. Finantza entitateak, hitzarmena sinatu duten udalerrietan dauzkan bulegoetan, euskararen presentzia bermatuko du herritarrekiko harremanetan.
3. Langileak. Irizpide horiek guztiak ezartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko, osagai funtsezkoa dira finantza entitateko beharginak.
4. Banka elektronikoa. Euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Bermatuko du eragiketa guztiak egin daitezkeela euskaraz.
5. Hedapena. Udalek hitzarmen honen edukiaren berri emango diete herritarrei. Udal langileei ere jakinaraziko diete, finantza entitatearekin harremanak euskaraz izan ditzaten.
6. Jarraipen batzordea eta ebaluazioa. Hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateko eta UEMAko ordezkariek.
7. Indarraldia. Hitzarmen honek lau urteko iraunaldia izango du. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.