Azpeitia
«Piaspe proiektuari ateak itxi zaizkio herritarren lanari, mobilizazioei eta kemenari esker»Sañu Bizirik, Errezil Bizirik eta Txilarramendi Auzo elkarteak pozik agertu dira txosten negatiboaren aurrean
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Piaspe parke eolikoaren proiektuak eta bere energia ebakuazio azpiegituren ingurumen inpaktuaren adierazpen negatiboa eman du. Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ebatzi duenez, proiektuak ingurumen ikuspegitik ez ditu bideragarri egiteko beharrezkoak diren bermeak betetzen.
Publicidad
Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ebaluazioaren emaitza ontzat ematen dute, eta energia trantsizioaren aldeko «konpromiso irmoa» mantenduko dutela adierazi dute, «betiere, ingurumenaren babesa, tokiko onurak eta herritarren parte-hartzea uztartuko dituzten proposamenekin».
Era bestean, Sañu Bizirikeko, Errezil Bizirikeko eta Txilarramendi Auzo Elkarteko kideek agerraldia egin zuten atzo eguerdian komunikabideen aurrean. Natur kontserbazioaren alde lanean aritzen diren eskualdeko talde eta elkarteetako kideak pozik agertu ziren Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin, ospatzeko suziri batzuk bota zituzten ere. Elkarteetako ordezkariek adierazi zuten esan dezaketela proiektuari ateak itxi zaizkiola herritarren lanari, mobilizazioei eta kemenari esker. «Orain hiru urte Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo biztanleen bizitzak baldintzatzera zetorren Piaspe proiektua Azpeitiko Udalak alfonbra gorria jarrita sartu zen bailarara. Hasieratik informazioa ezkutatu da udaletatik, adierazpen askatasuna erasotu... auzotarrei azpijokoan aritu zaizkie. Herri presioaren ondorioz proiektuari alegazioak aurkeztera iritsi baziren ere, inoiz ez dute proiektua bertan behera gelditzeko pausorik eman», adierazi zuten.
Ebazpena «oso sendoa»
Ebazpena «oso sendoa» dela azaldu zuten. Eta gogorarazi zuten hasieratik defendatu dituzten irizpideak aintzat hartu direla eta, kasu honetan, behintzat, makro-proiektu hau gelditzeko balio izan dutela. «Oso kontuan hartzeko gauzak esaten dira, batik bat inguruan daukagun natura ondareari buruz, askotan ezagutu ere egiten ez duguna. Inondik inora onargarria ez dena da, nola enpresa pribatu bati uzten zaion bere etekinen mesedetan gisa horretako eremuak aukeratu eta proiektuak mahai gainean jartzen ere, horrek dakarren guztiarekin. Hortxe daukagu adibidez orain, Sañun haizea neurtzeko 100 metroko dorrea interes publikokotzat jota», adierazi zuten. Hala, Azpeitiko Udalari exijitzen diote utz dezala bertan behera Statkraften asmo hori eta uka diezaiola eskatuta daukan obra baimena.
Elkarteetako kideek adierazi zuten, orain proiektua gelditutzat emanda, gogoan hartzekoa dela «nor, non eta norekin» egon den hiru urteko bidean. «Zenbaitzuk hasiak dira jada alea jasotzen. Guk argi daukagu hiru urte luze hauetan zein aritu den etenik gabe lanean: Sañu Bizirik, Errezil Bizirik, Txillarramendi Auzo Elkartea, natur kontserbazioaren alde aspalditik lanean ari diren eskualdeko talde eta elkarteak, mendizale taldeak, eta gure ondoan egon diren eta proiektu honi hasieratik ezetz esan dioten herritar guztiak. Gure eskerrik beroena guztiei».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión