Azpeitia
Mugikortasunaren Astearen baitan, ginkana antolatu dute Udalak eta Ekoetxeak ostiral honetarakoBizikleta izango da aurten protagonista. 'Eragin pedalei eta babestu planeta' lelopean eta Betharrameko jolastokian izango da, 17:30ean
Gaur, asteartetik irailaren 22ra bitartean, Mugikortasunaren Europako Astea izango da. Hori dela eta, herritarrak garraiobide iraunkorrak erabiltzera bultzatzeko asmoz egin ohi den ekimenera batuko da Azpeitiko Udala ere eta , Ekoetxearekin batera, zenbait jarduera antolatuko ditu herritarrak sentsibilizatzeko.
Bizikleta izango da aurtengo protagonista. 'Eragin pedalei eta babestu planeta' lelopean, umeentzako ginkana bat egingo dute. Hain zuzen ere, bizikletaz eta bizikletarik gabe egin beharreko hainbat erronka dituen zirkuitu bat osatu beharko dute partaideek; ikus-memoria ariketei, mugimendu trebetasunari, birziklapenari, mugikortasun iraunkorrari, energiari eta abarri lotutakoak izango dira erronkak.
Helburu nagusia da mugikortasun jasangarria sustatzea, baita umeek bizikletan trebetasuna garatzea ere.
Iraurgi ikastetxeko (Jose Artetxe 4) jolastokian izango da ginkana, 17:30etik 19:30era. 6 eta 14 urte bitarteko umeei bideratuta dago, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea: https:// ekoetxea.eus/esperientzia/pedalei-eragin-eta-planeta- babestu/. Komeni da norbere bizikleta eta kaskoa eramatea. Ginkanaz gain, jolas batzuk ere jarriko dituzte jolastokian.
Jarduerek irauten duten bitartean, anbulatoriotik Paulo VI. auzunerako sarrera itxita egongo da motordun ibilgailuentzat.
Bizikleta konpontzeko aukera
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak ere Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina ekarriko du Azpeitira. Ostegunean,irailaren 18an, 10:30etik 14:00etara, bizikletak konpontzeko doako zerbitzua eskainiko die Mugi txartel pertsonalizatua dutenei. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin lankidetzan, Mugi txartela eskuratu nahi duten pertsona guztiei beharrezko laguntza ere eskainiko die.