Azpeitia
Berrehundik gora trikitilarik hartuko dituzte ostiral honetan Azpeitiko kaleakTrikigiro Eguna ospatuko da eta kalejiraz gainera 150 trikitilari eta trikitizale elkartuko dira Sanagustinen egingo den afarian
Eli Aizpuru
Azpeitia.
Osteguna, 23 urria 2025, 20:18
Herria, musika eta bizipoza bat egingo dira ostiral honetan, urriak 24, Azpeitian. Berrehundik gora trikitilari —soinua edo panderoa eskuetan— elkartuko dira plazan, elkarrekin eta trikiti-doinuez alaituta, kalejira egiteko. Izan ere, urtero legez, urriarekin batera, Trikigiro Eguna antolatu dute Trikigiro Kultur Elkarteak, Kulturaz Kultur Kooperatibak eta Azpeitiko Udalak.
Trikigiro Egunak, urteak pasa ahala, izen propioa hartu du Azpeitian, eta trikitixa zein panderoarekin belaunaldiz belaunaldi transmititutako tradizioa omendu nahi da.
Horretarako, adin guztietako trikitilariak elkartuko dira: haur eta ikasle gazteek trikitixa-maisu beteranoekin partekatuko dute eguna. Etorkizuneko musikari gazteentzat inspirazio-iturri bihurtuko da, beraz, jaialdia.
Iluntzeko 19:00etan elkartuko dira, eta gazteen kalejirarekin eta poteoarekin hasiko da festa. Ondoren, 20:00etan, herriko eta inguruko trikitilariak elkartu ahala, handitzen joango dira trikiti-soinuak. Ordu horretan, derrigorrezko argazkia atera ostean, hasiko da kalejira erraldoia Alde Zaharreko kaleetan barrena.
Nola ez, afari batekin borobilduko dute jaia. Sanagustin Kulturgunea aukeratu dute horretarako, eta antolatzaileen arabera, 150 lagunek eman dute izena mahaiaren eta trikitiaren bueltan elkartzeko.
Egitaraua borobiltzeko, erromeria izango dute Sanagustinen bertan, eta trikiti-doinuek bakarrik ez, dantzek ere hartuko dute protagonismoa ordu txikiak arte luzatuko den festan.