Azkoitia
Udako Ikastaroa eskainiko du EHUk Izarraitz Lanbide Heziketaren egoitzan'Desegiten ikasi: errealitate inklusiboa eraikitzeko' izenburupean, uztailaren 9an izango da
«Desgaitasun handiena ezjakintasuna da» dioen uste sendo batetik abiatuta, Izarraitz Lanbide Heziketak eta Euskal Herriko Unibertsitateak eskutik antolatu dute aurtengo Udako Ikastaroetako saioetako bat. Uztailaren 9an izango da, asteazkenez, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketaren egoitzan.
'Desegiten ikasi: errealitate inklusiboa eraikitzeko, sar zaitez Lanbide Heziketa Egokituaren gurpilean' izenburupean, 09:00etatik 13:30era egingo da saioa, eta jada irekita dago izena emateko epea. Ikastaroa aukera paregabea da aniztasun funtzional kognitiboaren inguruan ikasteko eta Lanbide Heziketan garatzen ari den inklusio eredu berritzailea ezagutzeko.
Inklusioaren aldeko apustu hau aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleei zuzenduta dago, baina baita haien senideei, irakasleei, hezkuntza alorreko profesionalei, unibertsitateko zein lanbide heziketako ikasleei eta, oro har, gizarte bidezkoago baten alde interesa duen edonori.
Ikastaroaren helburua argia da. Hezkuntza sistemaren eraldaketan sakontzea ikuspegi pedagogiko eta sozialetik, eta esperientzia erreal eta praktikoen bidez, Lanbide Heziketa inklusiboaren aukerak eta erronkak mahai gainean jartzea. Saioan tokiko zein nazioarteko esperientziak partekatuko dira, Marea Urdina elkartearekin elkarlanean garatutako eredua ardatz hartuta.
Miren Otero Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendariak gidatuko du ikastaroa, eta harekin izango dira Isabel Mendiguren (Ikaskuntza Berezien zuzendaria), Arantxa Larrañaga, Mikel Sarriegi (ADEGI), eta Aritz Orbegozo (Marea Urdina).
Eraiki al dezakegu hezkuntza sistema bat non pertsona oro bere erritmoan garatu ahal den? Eraiki al dezakegu gizarte bat non aniztasuna aukera bihurtzen den?
Uztailaren 9an, erantzunak topatu ahal izango dira eta era berean, parte-hartzaileek ekarpenak egin ahal izango dituzte.
Egitaraua
Jardunaldia 09:00etan hasiko da, jardueraren zuzendaritzaren aurkezpenarekin. 'Jarrai dezagun etorkizuna eraikitzen...' Miren Otero Errazu, Izarraitz Lanbide Heziketa LHI-ko zuzendaria arduratuko da aurkezpenaz.
Ondoren, 09:15etik 10:15era, hitzaldi nagusia eskainiko da: Parte-hartzaileak honakoak izango dira: Isabel Mendiguren Laca ( Ikaskuntza Berezien Zuzendaria); Miren Otero Errazu; Arantxa Larrañaga Maiz(Izarraitz LHII); Mikel Sarriegi Etxeberria (Adegi, Talendu eta Formakuntza Zuzendaria);Unai Andueza Iraeta (Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Foru Diputatua) eta Aritz Orbegozo Etxenagusia (Marea Urdina erakundeko lehendakaria)
10:15etik 11:45era, 'Lan eremu ezberdinetako kasu praktikoen aplikazioak 1' izeneko saioa izango da, Aritz Orbegozo Etxenagusiaren eskutik. 11:45etik 12:15era atsedenaldia izango da. Atsedenaren ondoren, 12:15etik 13:00era, 'Lan eremu ezberdinetako kasu praktikoen aplikazioak 2'saioa izango da, Miren Otero Errazuk gidatuta.
Egitaraua 13:00etan amaituko da itxiera-saioarekin: Mahai ingurua taldeka antolatuta, eta talde bakoitzean erakunde ezberdinetako kide bat egotea aurreikusten da. Saioa Miren Otero Errazuk koordinatuko du.
Matrikulazioa
Matrikulazio epea zabalik dago. Interesdunek 25 eurotik aurrera, kasuan kasu, ordaindu beharko dute . Prezioak eta izenematea egiteko pausuak Izarraitz Lanbide Heziketa zentroaren webgunetik egin daiteke (www.izarraitz.eus).
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.