Las diez noticias clave de la jornada
Musika jaien hasieran. Musika Bandak 'Ondo pasau Andramaixek' jo zuen eta jarraian, Parrokiako Abesbatzak eta Iraurgi Abesbatzak 'Azkoitia' abestu zuten.

Azkoitia

Azkoitiarrek gogoz hasi dituzte Andramari jaiak

Abuztuaren 15a. Meza, Udal Musika Bandaren eta Txalkor Txistulari Taldearen kontzertua, pilota eta film laburren lehiaketa, ostiraleko hitzorduak

Sara Utrera

Azkoitia

Jueves, 14 de agosto 2025, 20:47

Lehertu da festa Azkoitian. Plaza gainezka zegoela, herritarrek ongi etorria egin zieten Andramari jaiei. Azokako baserritar ekoizle eta saltzaileen ordezkaritzapean, Mari frutategia zeneko Mila Gorostegik eta Zumeta baserriko Irati Amianok bota zuten txupinazoa udaletxeko balkoitik. Izan ere, aurten herriari eta herritarrei egiten dieten ekarpena eta ematen dieten zerbitzua eskertzeko eta aitortza egiteko baliatu dute jaien ongietorria. Gainera, aurten, 120 urte dira Azoka plaza hartzen duen eraikineko obrak amaitu zirela, eta justu 100 urte, ibai gaineko eraikinaren proiektu osagarria landu zela.

Publicidad

Baserritarren, ekoizleen eta saltzaileen lana aitortu zuen Ana Azkoitia alkateak ekitaldian, eta azkoitiarren egunerokoan egiten duten lanak duen garrantzia azpimarratu zuen. «Gaurko egunez balkoira irten eta plaza beteta ikusteak hunkitu egiten du. Nik gaur hunkituta ikusi nahi zaituztet, horrek esan nahiko duelako, asmatu dugula omenaldi xume honekin benetan zuek guztiok merezi duzuen eskertza eta aitortza azaltzea. Plazakada handi honen besarkada zuentzat da», adierazi zuen. Ez zituen ahaztu nahi izan Palestinako eta Ukraniako herritarrak bizitzen ari diren bidegabekeriak. Saharakoak ere gogoan izan zituen, bertatik bertara ezagutu ahal izan baitu zein baldintzatan bizi diren saharar errefuxiatuen kanpalekuetara egin berri duen bidaian. Azkenik, alkateak jai-egun hauetan festaz gozatzea opa zien bertaratutako guztiei; era berean, arduraz eta, batez ere, errespetuz jokatzeko eskatu zuen. «Gozatu ahalik eta gehien. Ondo pasau Andramaixek!», gaineratu zuen Azkoitiak.

Txupinazoaren ostean, Musika Bandak 'Ondo pasau Andramaixek' jo zuen eta jarraian, Parrokiako Abesbatzak eta Iraurgi Abesbatzak 'Azkoitia' abestu zuten.Txantreako, Azkoitiko eta Buztintxuriko erraldoi eta buruhandiek ere alaitu zituzten kaleak ondoren. Jai giroak arratsaldean jarraitu zuen txikienentzako parkearekin eta 'Artistas del gremio' kale ikuskizunarekin.

Tradizioari jarraituz, Udalbatza parrokiara joan zen Txalkor Txistulari Taldearekin batera 'Alkate Soinua' jotzen zuen bitartean. Herritarrek eta Parrokiko eta Iraurgi abesbatzek, Ignacio Busca Sagastizabalen 'Salbea' eta Aita Nemesio Otañoren 'Ave Maria' abestu zituzten parrokian, zazpi eta bost ahotsetara, hurrenez hurren.

Andramari eguna

Ostiralean Andramari eguna ospatuko da, ekitaldi ugarirekin. Goizean, 09:30etik aurrera, Zubiondo Gaiteroak taldeko kideek kalejira egingo dute eta ondoren Txalkor Txistulari taldearen txanda izango da. Ondoren, 10:50ean, txistulariek Udalbatza parrokiara lagunduko dute Musika Bandarekin batera 'Alkate Soinua' joz. 11:00etako mezan parrokiako abesbatzak eta Iraurgi Abesbatzak 'Euskaldunen Meza' abestuko dute, bost ahotsetara. Andre Mariko meza Xabier Gomezek gidatuko du, herriko semea eta gaur egun San Feliu de Llobregat elizbarrutiko gotzaia dena. Aurretik, goizeko 10.00etan, meza gaztelaniaz eskainiko da. 12:00etan, Erraldoi eta buruhandien kalejira izango da, Zubiondo Gaiteroak taldearen konpainian. Eta 13:00etan Udal Musika Bandaren eta Txalkor Txistulari Taldearen kontzertua, Kontzejupean.

Publicidad

Arratsaldean, 17:30etik aurrera, Caixabank Masters Txapelketako partidak jokatuko dira Gurea frontoian. Peña II.a eta Gabirondo Senarren eta Tolosaren aurka ariko dira, eta Altuna III.a eta Imaz Zabalaren eta Mariezkurrena II.aren kontra.Ordu berean simuladoreak eta Txiki Chef izango dira plazan, eta 19:00etan magia poteoa hasiko da.

19:00etatik aurrera txosganuenean ere hainbat musika emanaldiez gozatzeko aukera izango da, Iltze, Labankada, Ostikoka eta Derrumbe taldeek joko baitute. 19:30ean Balda plazan Markeliñe konpainiaren 'Artilusio' ikuskizuna eskainiko da; 20:00etan Zubiberri gimnastika erritmikoko kideek erakustaldia eskainiko dute parrokiaren aurrean. Ordu berean hasiko da Zubiondo gaitero taldearen kalejira.

Publicidad

Gauean, 22:00etatik aurrera, XIII. film laburren lehiaketaren proiekzioa izango da; aurtengo gaia Aurtengo gaia 'Eta gertatuko balitz zer...' da. Proiekzioaren ondoren sari banaketa egingo da. Ondoren, Hits Cover Banda taldearen kontzertua ospatuko da plazan.

Adin guztiei zuzendutako eta guztion gusturako ekitaldiaz gozatzeko aukera izango da hilak 18ra arte Azkoitian.

Egitarau osoa kontsultatzeko: https://azkoitia.eus/images/Andramaixek2025web_compressed_1.pdf

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad