Azkoitia
Akelarre taldeari eta Lurdes Iriondori buruzko dokumentalak, BaztartxonAsteburuan 'Akelarre marearen kontra' eskainiko da; astelehenean, berriz, berriz, 'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako'
60. Durangoko Azoka ospatuko da abenduaren 8ra bitartean, eta hainbat berrikuntza plazaratuko dira, eta Azkoitian ere izango da aurtengo lanak ikusteko aukera. Izan ere, Udalak euskal kulturarekin bat eginez, aurten ekoiztutako bi dokumental jarriko ditu ikusgai Baztartxo Antzokian. Euskal kantagintzaren historian izan diren bi erreferente nagusiren inguruko ikus-entzunezkoak dira, Akelarre musika taldea eta euskarari eta kulturari kantatu zion Lurdes Iriondo.
'Akelarre, marearen kontra': Marko Juaristi taldeko kidearekin eta Carlos Iglesias zuzendariarekin solasaldia
'Akelarre, marearen kontra' Xabier Zabalak eta Carlos Iglesiasek zuzendu dute. Dokumentalak taldeak eta bere jarraitzaileek musikarekiko duten pasioa elkartzen ditu. Eszenatoki gainean igarotako 30 urte baino gehiagoko etapari amaiera emango dio taldeak bere ibilbide musikal oparoaren jatorria eta unerik adierazgarrienak errepasatzen dituen dokumentalean. Bizitza ulertzeko modu baten aitorpena ere bada.
Dokumentalaren proiekzioan izango dira Marko Juaristi azkoitiarra, taldeko baxu-jotzailea izandakoa, eta Carlos Iglesias zuzendaria. Aurkezpena egingo dute, eta proiekzioaren ostean, solasaldia eskainiko dute biek. Hitzordua gaur, iluntzeko 19:30etik aurrera izango da Baztartxon. Bihar igandea, berriz, taldeko kide Xanet Arozena izango da 19:30ean aretoan.
Iriondoren dokumentala
'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentalak abeslari eta idazlearen bizitza dakar gogora, Inge Mendioroz zuzendariaren eskutik. Iriondok (Donostian, 1937-2005) euskal kulturaren transmisioan egindako lan eskerga balioan jarri nahi du dokumentalak, ahanzturatik askatuz. 60ko hamarkadan sortu zen euskal kantagintza berriaren ahotsik esanguratsuenetakoa, 'Ez dok amairu' kultur mugimendu taldeko emakume bakarra izan zen, Mikel Laboarekin, Benito Lertxundirekin, Artze anaiekin, Xabier Letekin edo Julek Lekuonarekin batera, besteak beste.
Dokumentala astelehenean eskainiko da, 20:00etan, Baztartxon.
Bestalde, herriko txikienek 'Olivia y el terremoto invisible' filma ikusteko aukera izango dute bihar, 17:00etan.