Martin Ugalde euskaltzalea gogoratuz
Arma Plazako kultur eta informazio puntuak kazetari zenaren erakusketa jasoko du bere jaiotzaren mendeurrena dela eta
Aurten 100 urte beteko dira Martin Ugalde kazetari eta euskaltzale izan zena Andoainen jaio zenetik. 1969. urtera arte ez zen Hondarribira iritsi, aurretik Venezuelan egon baitzen, baina horrez geroztik hondarribitar bat gehiago izan zen, 2004an herrian zendu arte.
Bere jaiotze muga dela eta, Arma Plazako kultur eta informazio puntuak Martin Ugalderi buruzko erakusketa jasotzen du, uztailaren 4era arte egongo dena. Bertan, bere bizitzari errepasoa egiten zaio hainbat panelen bidez; hala nola, bere biografia; kazetari, euskaltzale, politikari eta idazle atalei buruzko informazioa; eta, azkenik, bere izena daraman kultur parkearen xehetasunak islatzen dira.
Martin Ugaldek, bere bizitzan zehar, ehunka artikulu eta elkarrizketa idatzi eta egin zituen, bai Venezuelan baita Euskal Herrian ere. Amerikako herrialdean kazetari gisa egin zuen lan, erredakzioburu, zuzendari eta edizioburu bihurtu arte. Erakusketan azpimarratzen den bezala, «euskararen inguruko auziek eta euskararen bideak kezkatuta ez zuen atsedenik hartu hutsezko egunkari bat sortu eta bideratu arte». Hura 'Euskaldunon Egunkaria' izan zen, 1991. urtean plazaratutakoa.
Bere bizitza zeharkatzen duten panelekin batera, hainbat bitxikeria jasotzen ditu erakusketak. Bere elkarrizketak grabatzeko grabagailua erakusten da, baita 1998ko abenduaren 23ko Hondarribiko Udaleko bilkurako akta, non Martin Ugalderi urrezko intsignia emateko erabakia hartu zen, «euskal kulturaren arloan egindako merituengatik eta gure hiriarekin lotura handia izateagatik», azaldu zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak ostegunean erakusketa irekitzerakoan.
Martin Ugalde, «beti prest»
Sagarzazuk gehitu zuen «oso garrantzi handikoa da denon jaio lekua zein den jakitea, hain zuzen ere Martin Ugalde andoandiarra dela argi dago, baita ere gure artean 30 bat urtean Hondarribian bizi izan zela. Hondarribitartu izan zen Martin Ugalde». Alkateak argi utzi zuen Ugaldek Hondarribian utzitako «arrastoa handia» izan zela, baita «era askotakoa ere». 1984tik 1994ra bitartean Bordari eta Satarka literatur lehiaketetan epaimahaikide izan zen eta Hondarribia aldizkarian ere dozenaka artikulu argitaratu zituen. «Bere garaian horretaz arduratzen zirenak esaten zuten Martin Ugalde 'beti prest' zegoela», komentatu zuen Txomin Sagarzazuk.
Alkateak nabarmendu zuenez, «erakusketa honek laguntzen digu bere alde asko ezagutzen. Zaila da pertsona baten alde guztiak jasotzea, baina argi dago bere irudiaren berri emateko elkarlanaren bidez egin dugula». Gogora ekarri zituen Jose Luis Amunarriz arrantzaleak Martin Ugalderekin izandako hitz trukeak, herriko hizkerei buruzkoak. «Ni egondu ketu nais Martin Ugalderekin hizketan eta hark esaten zuen, dena gezurra, ez dela esan behar Tolosan ondo hitz egiten eta hor ondo eta... ez, behar duela nork bere herriko hizkera segitu, hori ez dela behin ere galdu behar».
Erakusketaren irekierara Unai eta Itsaso Ugalde gerturatu ziren, Martin Ugalderen seme-alabak. Beraien aitaren hondarritartasuna azpimarratu zuten: «Familia hemen kokatu nahi izan zuen; buelta batzuk eman ditugu eta inongoak baldin bagara hondarribitarrak gara». Honekin batera Martin Ugalde Hondarribian babestua izan zela gehitu zuten: «Jasotako errekonozimenduak asko eskertu ditu, oso gustora egon da herriko jendearekin».
Anekdota modura, Unai Ugaldek komentatu zuen arrantzaleak ateratzen zirenean bere aitak komentatzen ziola horiek «katedratikoak» zirela: «Beti saiatu zen aitortzen besteak dakiena; denok dakigunak egiten gaitu herri, eta hori zen bere proiektua».
Erakusketa uztailaren 4era arte egongo da ikusgai Arma Plazan; astelehenetik larunbatera 10.00etatik 18.00etara eta igandetan 10.00etatik 14.00etara.