Hondarribia
Udal euskaltegiko estalkia birgaitzeko lanek jasangarritasuna indartuko duteAzken urteotan Jostaldi ondo eraikinean hainbat hobekuntza egin dituzte
Iñigo Aristizabal
HONDARRIBIA.
Astelehena, 8 abendua 2025, 20:16
Udal euskaltegiko estalkia birgaitzeko lanak egin dituzte, 135.766,48 euroko aurrekontuarekin eta eraikinaren jasangarritasuna indartzeko helburuarekin.
Isolamendu termiko berria instalatu da estalkian, eta bi mantsarda jarri dira, argi natural gehiago sar dadin. Hobekuntza horiei esker, eraikinak orain arte izan dituen galera termikoak konponduko dira, eta bertako irakasle zein ikasleen erosotasuna eta eguneroko jarduna hobetuko du.
Garoa Lekuona Euskara zinegotziak azaldu duenez, «lan hauek legealdi honetan abiatutako berrikuntza-prozesuaren jarraipena dira. Estalkiaren birgaitzea amaitutakoan, galdara berritzea eta eguzki-plakak instalatzea izango dira hurrengo urratsak, eraikinaren jasangarritasuna eta energia-autonomia sendotzeko».
Gogoratu du nola «azken urteotan euskaltegian hainbat hobekuntza egin diren: txirrinduentzako aparkalekua sortu eta sarrerako ate berria jarri, eraikina guztiz irisgarri egiteko».
Udal gobernuaren konpromisoa argia da, Lekuonaren hitzetan: «Eraikin publikoak eguneratu nahi ditugu, ingurumenaren eta irisgarritasunaren irizpideak oinarri hartuta. Euskaltegian egiten ari garen lan hauek norabide horretan emandako urrats sendoa dira. Euskaltegia gure udalerriko hezkuntza-sarearen funtsezko pieza da, eta irakasle zein ikasleen jarduna erosoago egiteko lanak beharrezkoak ziren. Udal-talde honek herritarren beharrak entzun eta erantzuten jarraitzen du, guztion bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin».
Azkenik, Udalak eskerrak eman dizkie euskaltegiko irakasle eta ikasleei, obrek eragin ditzaketen eragozpenen aurrean erakutsi duten jarrera eta lankidetzagatik.