Mutriku
Udalak topografikoki mugatuko ditu landa-eremuko lursailakProiektua aurkezteko, Udalak 5. poligonoko lursailen titularrak deitu ditu urriaren 2an egingo den bilerara joateko
Mutrikuko Udalak udalerriko landa-eremuko lursailak topografikoki mugatzeko proiektua abiatu berri du, bi helburu nabarmenekin: alde batetik, «mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea». Eta bestetik, «gaur egun egon daitezkeen akats posibleak argitzea eta zuzentzea»
Udaletik azaldu dutenez, «jabeen edo haien oinordekoen landa-ondasunen inguruko ezagutza faltak edo ezjakintasunak mugak nahastea edota, besterik gabe, desagertzea eragiten du».
Hori dela eta, «landa eremuarekiko gero eta urrunago bizi garen honetan, jakintza gal ez dadin, 310 hektareako azalera duten 124 lursail mugatzeko lanekin hasi gara», aurreratu dute zeregin horretarako Geograma enpresa kontratatu duen Udaletik.
Hasiera, 5. poligonoakin
Mutrikuko Udalak 5. poligonoko lursailetan abiatu nahi du udalerriko landa-eremuko lursailak topografikoki mugatzeko proiektua.
Lan hori egiteko 60 jaberen kolaborazioa beharko da, eta titular horiek, hain zuzen, mugakideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko dituzte.
Lanak egin ostean, gainera, markatutako koordenatuak dituzten planoak entregatuko zaizkie jabeei, behar izanez gero, Katastroko mugak zuzentzeko aukera eskaintzeko asmoz. Edonola ere, proiektua zehaztasun osoz azaltzeko bi bilera egingo dira urriaren 2an Zabieleko hitzaldi gelan, 11:00etan eta 17:00etan.
Horrela, 5. poligonoko lursailen titularrek batzar horietarako gonbidapenak jasoko dituzte datozen egunotan, eskutitz bidez.
Proiektua behar bezala gauzatzeko, Udalak lankidetza eskatzen du, jabekideen artean adostasunik ez badago, ezin baitira lanak burutu. Esan gabe doa, jabeen parte-hartzea borondatezkoa dela eta ez diela gastu ekonomikorik ekarriko parte-hartzaileei.
Aipatutako mugaketa lanak amaitu ostean, eta prozesua arrakastatsua bada, hurrengo urteetan gainerako poligonoekin jarraitzea da Udalaren asmoa: «erronka ikaragarria da, baina egin beharrekoa», esan dute.