Herriguneko haurrentzako parke berria bihartik aurrera erabilgarri egongo da
Txirrista eta ziburuak kokatu dira, eta ondoren kanasta eta porteria ere jarriko dituzte, belar artifiziala jarri den lekuaren parean
MIRYAM GALILEA
itsaso.
Osteguna, 24 abendua 2020, 00:27
Ugari dira azken urteetan herrian egin diren moldaketak eta berrikuntzak eta azkenekoa herrigunean dugu, atzo haurrentzako parke berria montatzen hasi zirelarik.
Herriko Ostatuaren ondoan, eskailera batzuk jaitsi eta bertan kokatzen zen haurrentzako parkea, hau nahiko zahartuta zegoelarik. Osasun Sailak jarduerak bultzatzeko duen dirulaguntza batera aurkeztu zuen herriko Udalak proiektua eta 6.540 euroko dirulaguntza onartu zioten honez gero. Honekin, parke zaharra kendu eta berri bat eraikitzeari ekin diote egun hauetan.
Atzo hasi ziren langileak parke berriaren muntaiarekin: txirrista, ziburua eta lurra jartzen hasi ziren, lan hauek gaur amaituko dituztelarik. Dena den, eta lurra ondo lehortzeko egun bateko denbora behar duenez, prezintatu egingo da gunea eta bihar ostiralean hau kendu egingo dute. Hortaz, bihartik aurrera erabilgarri izango dute txikiek.
«Ondoren, belar artifiziala egokitu den lekuaren parean, porteria eta kanasta ere jarriko dira; hauek bi aste barru iristea espero da», dio Gorka Sasietak.