Asier Gogortzaren 'Mendebalde' erakusketa azarora arte museoan

Egilea. Asier Gogortza da 'Mendebalde'ko egilea. / GALILEA
Egilea. Asier Gogortza da 'Mendebalde'ko egilea. / GALILEA

Interpretazio zentruko kanpoaldean kokatzen dira erakusketa hau osatzen dituzten 22 argazkiak, azalpenekin

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Asier Gogortzaren 'Mendebalde' erakusketa inauguratu zen atzo goizean Igartubeiti Baserri Museoan; hau interpretazio zentruko kanpoaldean kokatzen da eta azaroaren 4ra arte ikusgai egongo da bertan.

Egile honen 'Mendebalde' erakusketak, ikuspegi berrien bitartez, baserrira hurbiltzera gonbidatzen gaitu. Horrela, Igartubeitik bere inguruarekiko harremana modu berrietan arakatzen jarraitzen du gure paisaien eta praktika artistiko garaikideen arteko solasaldi etengabean.

Egilearen aukera estetiko eta pertsonaletik abiatuz, Euskal Herriko toki ezberdinetako baserrien 22 argazkiz osatutako multzoa erakusten da oraingo honetan. «Aukeratzen ditudan gaiak normalean arkitektura eta paisaia izaten dira; arkitektura, gizakiaren interbentzio bezala ulertua», azaltzen du Asier Gogortzak, egileak.

Erakusketaren argazkiek baserrien mendebaldeko pareta erakusten digute, kasu gehienetan hutsa, lehio edota aterik gabekoa. «Baserri tradizionalak ekialdera begira eraikitzen ziren, atzeko pareta mendebaldean kokatuz. Horrela, eguzkiaren beroa eta argia aprobetxatzen zuten eta, aldi berean, fatxada babesteko ere erabiltzen zen. Mendebaldeko pareta itsu geratzen zen. Azkeneko 50 urteetan asko aldatu da hau. Gaur egun, errepideei begira eraikitzen dira», dio egileak.

Erakusketako baserriak Euskal Herrikoak dira, Bizkaian hasi eta Lapurdiraino. Hauetan, fatxaden berezitasunak irudikatu nahi izan dira: paretak nola sufritzen duten ikusten da, etxe baten arrastoa...

«Argazki hauek egiteko orduan iparrorratza erabili da, baserrien mendebaldeko fatxadak bakarrik erretratatu direla egiaztatzeko. Eguraldiak eta denborak apaindutako horma soil eta sendo horiekin osatutako katalogoa da emaitza. Seguruenik, argazkietan ikusten denak ez du bat egiten buruan dugun euskal baserriaren irudiarekin», diote Igartubeititik.

Temas

Ezkio

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos