Agur beroa Loinazko San Martin jaiei
Igandean amaitu ziren lau egunetako jaiak Matxinbentan, pilota partiduak eta herri kirolak nagusi
MIRYAM GALILEA
Miércoles, 10 de febrero 2016, 00:04
Ostegunean goizean hasi zen mugimendua Matxinbenta auzoan, Santa Ageda bezpera izanda auzotarrak eskera atera zirelarik Laja, Izer, Loidisaletxe eta Agin-ekin, eta iluntzean atxaferoak eman zien hasiera aurtengo Loinazko San Martin jaiei, eskekoen etorrera eta erromeria ospatuz; jai giro honekin hasi ziren Matxinbentako festak hauek iganderarte ekintzez jositako egitaraua izan dutelarik.
Ostiralean, Santa Ageda Egunean, Beheko Tabernan ospatutako Mus Txapelketa izan genuen nagusi, honetan hogeita bat bikotek parte hartu zutelarik. Anax Ibarzabal eta Pedro Gurrutxaga izan ziren txapeldunak, hauek txapelaz gain 200 euro jaso zituztelarik; bigarren postuan Zamaia eta Patxo suertatu ziren, arkumea eta bi ardo botilekin; eta hirugarren Zabale eta Loreto, hauek oilasko parea eta bi txanpain botila jasoz.
Larunbatean berriz haurrek izan zuten arratsaldeko protagonismoa, puzgarriak, jolasak eta pailazoaren ikuskizunarekin; eta gauean, Bertso Afaria egin zen Matxinbentan Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin-ekin.
Jaiei agur esateko goiz mugitua izan zuten bizilagunek igandekoa, eguraldiak ere lagundu zuelarik: txistularien goiz eresia, meza, tradizioa mantenduz itxulapikoen puskatzea eta jarraian pilota partiduak: hasteko Azpeitiko Ilunpe elkarteko haurrak eta jarraian gazteek Pilota Txapelketa Azkarraz.
Itzeder eta Txibilter trikitilarien soinuak plazara gerturatu zuen jendea partiduak amaitzerakoan eta minutu batzuetan Herri Kirolak hasi ziren bertan, oraingoan aizkolariak eta harri jasotzaileak ikusteko aukera izan genuelarik: aizkolariak, Larrañaga eta Otaño; eta harrijasotzaileak, Mendibil eta Guzta izan genituen bertan.
Azkenik, aurtengo jai ederrei agur esateko, Matxinbentako otarraren zozketa egin zuten.