Gemma Urteagak irabazi du Eskolarteko txapela
«Osaba dut Patxi Garmendia bertsolaria eta, esaten dutenez, nik hiru urte nituela egiten nuen bertsotan haren aldamenean», adierazi du txapeldun beasaindarrak
FELIX IBARGUTXI , DIARIOVASCO.COM
Domingo, 23 de junio 2013, 03:09
Gemma Urteagak (Beasain, 1995) irabazi zuen atzo Euskal Herriko 25. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, bigarren tokian beste gipuzkoar bat gelditu zelarik: Mikel Iturriotz (Urretxu, 1995). Txikien sailean (13-14 urtekoak) Zarauzko taldea gertatu zen garaile, eta bigarren Leitzakoa.
«Niri zaletasuna etxetik datorkit. Osaba daukat bertsolaria, Patxi Garmendia, eta esaten dutenez nik hiru urte nituela haren aldamenean jarduten nintzen bertsotan», esan zuen txapela jantzi ostean. Orain hemezortzi urte ditu, aurtengo Gipuzkoako txapelketan bigarren gelditu zen eta atzo lasai jardun zen, «denbora aurrera joan ahala gero eta lasaiago». Akaberako agurreko bertsoan Aitor Sarriegi bertso-irakaslea aipatu zuen -«asko irakatsi dit»-, eta Sarriegiz gain Amets Arzallus, Jon Maia eta Maialen Lujanbio ditu gustukoak.
Ondo daki zer den bertso-eskolako lana. Zazpi urte daramatza lantegi horretan.
Bigarren gelditutakoa ere, Urretxuko Mikel Iturriotz, oso lasai aritu omen zen atzo. Bera dugu aurtengo Gipuzkoako txapelduna.
Finala Orioko Karela kiroldegian jokatu zen. Edizio berezia zen hau, hogeitabosgarrena. Bertan ziren Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Iñaki Murua, eta Ikastolen Elkarteko bi arduradun: Abel Ariznabarreta eta Arantza Manterola. Baita Patxi Goikolea ere, aspaldiko bertso--irakaslea, orain 80 urte dituena.
15 eta 18 urte bitartekoen sailean hauek ziren beste bertsolariak: Peru Abarrategi (Aramaio, 1997), Iñaki Tena (Gasteiz, 1995), Txaber Altube (Abadiño, 1998), Ander Gerrikaetxebarria (Zornotza, 1996), Ortzi Murua (Azkaine, 1995), Aitor Servier (Azkaine, 1997), Mikel Lasarte (Barañain, 1996) eta Maddalen Lopez (Lesaka, 1997).
Txikien talde txapelduna, Zarauzkoa, lagun hauek osatu zuten atzokoan: Ane Peñagarikano (Zarautz), Jone Makazaga (Zarautz), Libe Goenaga (Getaria) eta Irati Tolosa (Zarautz). «Urduri ibili gara», aitortu zuten txapela jasotakoan. Hamahiru-hamalau urteko neskak dira eta, batik bat, Aitor Urbieta izan dute irakasle, historia luzea duen Etxebeltz bertso eskolan. Txikien beste taldeak hauek izan ziren: Arabako taldea, Ekialdeko taldea (Bizkaia), Kanbo-Xalbador taldea (Lapurdi-Nafarroa Beherea) eta Leitzako taldea.
Epaimahai lanetan, berriz, hauek ariko dira: Ekaitz Elorriaga, Gorka Intxaurbe, Ainhoa Mujika, Joakin Arregi, Beñat Soule eta Mikel Beaumont.
Iazko Euskal Herriko txapela Maddi Sarasua lapurtarrak jantzi zuen. Aurten ere bera gertatu da garaile bere herrialdean, baina izena emana duenez Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako, ez zen Eskolarteko finalean jardun. Bertsolari gazte hau, berriz, Aitor Sarasuaren alaba dugu.