Atez ateko bilketa Ezkio-Itsason
Santa Lutziko bizilagunek bi bilketa moten artean aukeratuko dute
GALILEA
Jueves, 31 de enero 2013, 01:16
Atzo arratsaldean zabor bilketa berriari buruzko informazioa jasotzeko aukera izan zuten herritarrek Ezkio-Itsasoko udaletxean ospatutako herri batzarrean. Honetan, Mario Oliver Spora enpresako teknikariak; Iñaki Erauskin, Sasietako gerenteak; eta herriko alkatea den Garikoitz Aiestak eman zituzten azalpenak.
Herria aztertu eta honetan aurrera eraman daitezken zabor bilketa mota desberdinei buruz burutu den bidegarritasun-plana aurkeztu zien Mario Oliverrek bertaratu ziren bizilagunei.
Ezkio-Itsaso herri rurala da eta honen ondorioz, zabor bilketa mota zehatzak planteatzen dira: adibidez, konpostajearen aldeko apustua egitea bosgarren kontenedorea jarri ordez, kostu ekonomikoa oso altua izango zelako, besteak beste. Datu hau eta beste batzuen ondorioz, Ezkio-Itsasorako atez ateko zabor bilketa proposatzen da, honen barne bi bilketa mota desberdinen artean aukeratu behar delarik.
«Sei hilabeteko azterketa egin dute herrian eta Ezkio-Itsasoko berezitasunak ikusita Santa Lutzi auzoan zentratu dira, honetan aukera bat baino gehiago ikusten zelako», esan zuen Iñaki Erauskinek.
Lehenengo aukera bezala atez ateko bilketa dugu. Honetarako lau zabor ontzi beharko lirateke zaborra banatzeko eta bilketa egutegi batekin aurrera eramango litzateke: asteko hiru egunetan organikoa jasoko zen, bi egunetan ontziak, behin papera eta behin errefusa (pardelak eta horrelakoak egunero jasoko lirateke).
«Kalean zabor-ontziak non utzi behar diren adostu beharko zen: leku desberdinak planteatu eta argazki muntai bat egingo genuen denon artean leku eta modu aproposena erabakitzeko», azaldu zuen Mario Oliverrek. Aukera honetan gainera, zaborra ontzietan kalera ateratzeko ordutegi bat egongo zen: 20:00etatik 22:00ak bitartean.
Bigarren aukera, konpostajearekin apustua egitea izango litzateke. «Ziur asko momentu honetan konpostajea egiten duten herritar ugari daudela eta honekin jarraitzea da ideia; lorategirik ez dutenentzat, berriz, konpostagailu komunitarioa proposatzen da», esan zuen teknikariak.
Beraz, banakako konpostajea edo konpostaje komunitarioa egitea izango zen bigarren aukera, eta honetaz aparte, orain arte bezalako kontenedoreak egongo lirateke, baina gune konkretu eta itxietan, danak batera. Gunea giltzaz itxita egongo zen eta bizilagunek giltza izango zuten zaborra botatzeko.
Bi aukera hauek Santa Lutzi auzoko bizilagunentzat planteatzen dira, hauetako bat hartu dezaten. Ezkio auzoko gunean, Itsasokoan eta Alegin, bigarren aukera jarriko da zuzenean dauden etxe eta baserriak kontutan hartuta bidegarriena baita.
Hautaketa
Esan bezala, Santa Lutzi auzorako aurreko bi sistemak proposatzen dira eta bat aukeratzeko modu desberdinak daude: alde batetik herritarren iritzia eskatzea, eta herritar guztiena, ez Santa Lutziko bizilagunena bakarrik. Parte hartzea %25era ez bada iristen plenoan erabakiko da; beste aukera bat zuzenean plenoan erabakitzea izango zen.
Azkenik, eta modu bat aukera-tzen denean, informazioa banatuko da zer non bota behar den jakiteko, eta behar izanez gero ikastaroak ere egingo dira.