Krisiak irudimena pizten du
Atzoko Bertso Egunak 'Krisiak' izan zuen gai nagusitzat eta aho-zapore gozoa utzi zuen. 'In crescendo' joan zen, eta bukaeran Maiak eta Egañak krisi sexualaz esandakoek ederki borobildu zuten festa
FELIX IBARGUTXI
Domingo, 27 de enero 2013, 15:19
Gorabeheratsua izan zen atzoko Kursaaleko Bertso Eguna. Baina bukaera aldera 'in crescendo' joan zen eta azkenean aho--zapore gozoa utzi zuen. Bukaerako bertso-saioa Jon Maiak eta Andoni Egañak egin zuten, zuku asko eman dezakeen gai honen inguruan: «Zuek, hasieran, eskua emanda hartzen zenuten lo; orain, bizkar emanda». Atzoko gai orokorra, 'leit-motiva', krisia zen, eta une horretan ezkonduen krisia jarri zieten hizketagai. Zumaiako eta Zarauzko bertsolariak oso ondo manejatu ziren, baita keinu eta imintzioen aldetik ere. Eserita zeuden elkarren ondoan, hasieran elkarri begiratu ere egiten ez ziotela, gero zeharka piska bat, eta azkenean adiskideago.
Gai batzuk izaten dira «oso humanoak» esaten zaiena, eta hura haietakoa zen. Egañak emaztearen papera hartu zuen beretzat, Maiak senarrarena. Egañak segituan esan zion: «Lehen, azala ohikoa zen; orain, berriz, arraro», eta «zu bizirik zaude, baina zure atal bat hilda dago!»; eta, gehiago zirikatzeko, «ohian festa egiten gendun, eta portalian belen!».
Maiak, berriz, gogora ekarri zituen «atal guztiak zutitzen» zitzaizkion garaiak, eta harako atal hura era honetara deskribatu zuen, jendartean algara ederrak sorraraziz: «jentilbaratzako dolmena». Eta, geroxeago, Maiak esaldi borobil honekin laburbildu zuen krisi sexuala: «Lehen, maitasuna egiten genuen; orain, ohea baino ez!».
Egañak esperantzazko itxiera eman nahi izan zion egoerari: eskatu zuen teloia jaitsi zedila, aldamenekoa eta bera lasai etzan ahal izateko.
Haiek izan ziren azkeneko bat- -bateko bertsoak, eta gero Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga jendartera sartu ziren beren bertso jarri batzuk kantatzeko. Baina ez zen nolanahiko kantaldia izan, Iñaki Gurrutxaga oriotar bertsolaria gitarra elektronikoarekin jardun baitzen. Oso saio umoretsua egin zuten, tarteka bertsoz, besteetan hitzlauz. Doinu 'retro' batzuk erabili zituzten, batzuk 'ye-ye' tankerakoak, beste batzuk Beatlesenak.
Eta, musikaz ari garelarik, Kursaaleko beste une magiko bat Jesus Mari Irazuk eta Eneko Lazkoz etxarri-aranaztarrak sortu zutena. «Oso gai librea eman zitzaien: «Baldintza bakarra daukazue: ezin duzue doinurik errepikatu». Autobide zabala zuten zirkulatzeko, eta ederki aprobetxatu zuten. Hasteko, zurezko ohiko aulkiari buruz kantatu zuen Irazuk, Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren 'Errota zahar maitea' kanta haren doinua erabilita, eta bukaera hau emanez: «Hartaz akordatzen naiz zutaz oroitzean».
Eneko Lazkozek aitortu zion segidan: «Doinu horrekin jarri duzu askoren ileak tente». Eta berak, santagetako doinua erabilita, hau bota zuen «Santutik asko ez daukagu guk, eta eskaletik dexente».
Baina onena gero etorri zen: Irazuk bertsoa osatu zuen, lerro bakoitzeko doinu diferentea erabilita. Jendeak biziki eskertu zion ateraldia.
Beraz, saioko gauza onenak, guztiak ez bada gehienak, bukaera aldera etorri ziren.
Baina buelta gaitezen hasiera aldera. Teloia altxata, eguneko gai orokorra -krisia- irudikatu nahi zuen halako antzerki-eszena bat gertatu zen: eszenategian, parke moduko toki bat, eserleku luze batekin, eta aldamenean poliespanezko bloke batzuk, etxe-paretak ziruditenak, leihoak zeuzkaten-eta pintatuta. Baina, bat-batean, bloke horiek erori egiten dira. Hemen da krisia.
Aldamio batera igota kantatu zituzten agurrezko bertsoak Beñat Gaztelumendik eta Etxahun Lekuek. Añorgakoak hau esan zuen: «Mundua ere hauxe delako: aldamio bat kolokan». Eta geroxeago: «Mundu haundi bat sortu dezagun, txikienen neurrikoa». Eta Lekuek errematatu: «Apaltasunez joka dezagun, gure lainotik jaitsita».
Xalbador zenaz dokumentala
Ondoren, Xalbador zenari buruz Eneko Dorronsoro prestatzen ari den film dokumentalaren zati ba-tzuk proiektatu ziren, non ager-tzen baitiren haren bi semeak, adibidez, Estatu Batzuei buruz hizketan. Beren gaztaroan Amerika bai-tzen ametsa, «hemen ez baitzen deus, eta hura, aldiz, dena posible zen lekua». Ondoren, irudi haiei buruz bertso batzuk kantatu zituen Andoni Egañak. «Herria hustu beharra zegoen, sabela beteko bazan», bota zuen.
Beste pasarte batean, Xabier Lizaso pianojolearekin batera aritu zen Egaña. Jakina denez, 'Bi ahizpa' ikuskizuna ematen ari dira bi lagunok herririk herri, Chopinen historia eta Xenpelarrena uztar-tzen dituen ikuskizuna, hain zuzen ere. Nolatan izenburu hori? Egañak argitu zuen atzokoan: «Bai batak bai besteak arreba izan bai-tzuten zaintzaile bizitzako azken egunetan. Batari Varsoviatik etorri zitzaion Parisa, besteak Errenterian bertan zeukan arreba. Gaixotasun kutsakorra zeukan Xenpelarrek, eta arrebak zaindu zuen».
Saioko gidoilariek lan berezia ipini zioten Maialen Lujanbio txapeldunari. Deskribatu behar zituen aldameneko lagunen krisiak. Maia, Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Jone Uriarekin 'lehian' jardun zen, eta bertso-ale ederrak eskaini.
Gero, bukaera aldera, Uxue Alberdik hiru bertso luze kantatu zituen 'Tentazioa' gai hartuta. Haietako bat, esaldi pizgarri eta anbiguo honekin bukatu zuen: «Erortzeko gogoa da, ez erortzeko beldurra».
Ikuskizuneko beste pasarte batean Haatik dantza-konpainiakoak azaldu ziren, beren 'Errimak oinetan' ikuskizuneko zati batzuk eskaintzeko. Bozgorailutik entzuten ziren Sustrai Colinaren bertso batzuk urrats eta imintzio bihurtu zituzten. Dantza hutsa ez zen izan, antzerkitik ere bazeukan haien jardunak.
'Errimak oinetan' iazko ekainean estreinatu zen, Leioan, eta harrezkero herri hauek korritu ditu: Azpeitia, Ondarroa, Zestoa, Bergara, Markina, Elorrio, Zaldibia eta Tolosa. «Guretzat lan erakargarria da -esan zigun atzo Aiert Beobide dantzariak- izan ere dantza- -ikuskizunak gai edo giro bakar batekoak izan ohi dira, eta hemen gaiak asko dira: adibidez, mendigoizaleen norgehiagokaren kritika dago bertso batean, ume lapurtuen gaia ere ukitzen da.».