Borrar
Lehen ilaran, Iturain (Aiako alkatea), Bengoetxea (Leitzako zinegotzia), Solaberrieta eta Agirresarobe (Orioko alkate-zinegotziak). :: G. RIVAS
CULTURA

Aia, Leitza eta Oriok bat egin dute Manuel Lasarte omentzeko

Jaialdia egingo da ostiralean Orioko kiroldegian, bukaeran seme Eusebio eta 'Danbolin' ariko direlarik

FELIX IBARGUTXI

Miércoles, 20 de junio 2012, 05:12

Aia, Leitza eta Orioko Udalek bat egin dute Manuel Lasarte zena omentzeko. Familiak nahiago zuen omenaldi bat bakarra egitea eta hiru herriok esana egin dute. Ostiral honetan izango da jaialdia, Orioko Karela kiroldegian gaueko 10etan hasita, eta hiru herriotako 30 musikari, bertsolari eta bestelako herritar igoko dira eszenatokira.

'Hitzaren errementaria' ipini diote izenburua ekimenari. Izan ere, lanbidez errementaria izan zen Lasarte, «baina bertsoa burdina bezala josten zuen», atzoko aurkezpenean esan zutenez.

Manuel Lasarte bertsolari eta idazlea lehengo otsailean hil zen. Lotura estua izan zuen Leitza, Aia eta Orioko herriekin. Leitzako Franki baserrian jaio zen, 1927an. Hamabi urte zituela, Aiara joan zen bizitera, eta handik Oriora. Hor egin zituen urte gehien.

Ostiraleko unerik hunkigarriena amaierarako utzi dute. Eusebio Lasarte, Manuelen seme bertsolaria, oholtza gainera igoko baita bere aita zena bertsoz agurtzera. Eta Patxi Oliden 'Danbolin' ere jardungo da, Manuelen lagun mina berau. Haren bertso batzuk kantatuko ditu, hain zuzen ere Lasartek Lei-tzako omenaldikoan kantatutako batzuk.

'Danbolin' pertsona maitatua da Orion. 70eko hamarkadan aitzindaria izan zen, surfeko oholak egiten hasi zelako. Musikari ere bada, eta idazlea.

Jon Agirresarobe, Orioko Kultura zinegotziak atzoko aurkezpenean esan zuenez, ekitaldi «xume eta hunkigarria» izango da. Hitza, musika eta bertsoa izango dira jaialdian zehar. Batetik, kantari batzuk ariko dira (Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatza eta Mertxe Oliden, Manuel Lasarteren bertso batzuk kantatuko dituztelarik). Eta musikari batzuek ere eskainiko dituzte bertsolari handiaren ale ba-tzuk, hala nola Martin Peronak, Gari eta Iñaki trikitilariek, Joxerra San Sebastian kantariak eta Imanol Urkizu panderojoleak. Bertsolariek, berriz, bat-bateko bertsoak eskainiko dituzte. Hauek ariko dira: Migel Mari Elosegi 'Luze' leitzarra, Martin Rezabal 'Olaso' aiarra, Patxi Etxeberria oriotarra eta omenaldia egiten duten herrietakoak ez diren hiru hauek: Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto eta Andoni Egaña.

Iñaki Perurena Leitzako harri-jasotzailea eta Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere ariko dira oholtzan. Manuel Lasartek idatzitako testuen irakurraldiak egingo dituzte. Dantzan, berrriz, Maitane Mujika eta Ander Errasti jardungo dira. Eta Donostian jaio eta Orion bizi den Antxon Mendizabal eskultorearen lan bat erakutsiko da, Manuelen bustoa, alegia.

Jaialdiaren gidoia Orioko Errikotxia bertso-eskolako kideek prestatu dute, Xabier Amurizaren laguntzarekin.

Karela kiroldegiko ateak gaueko 9:30ean zabalduko dira. Seiehun lagunentzako tokia prestatuko da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aia, Leitza eta Oriok bat egin dute Manuel Lasarte omentzeko

Aia, Leitza eta Oriok bat egin dute Manuel Lasarte omentzeko