Borrar
Xabier Unanue, bere liburu plazaratu berrriarekin. :: USOZ
Xabier Unanue, 'Santa Ageda koplak Zestoan' liburuaren egilea

«Hogei urteko kopla txukunenak bildu ditut»

Batez ere Olalde, Nikolas Zendoia eta Uztapide II.aren koplak ageri dira liburuan

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 5 de febrero 2012, 03:53

Xabier Unanuek 69 urte bete berri ditu. Zine eta bertsozale izan da betidanik. Eta herriko alkatea hainbat urtez. 1977-1992 epean Zestoako Euskal Zine Topaketen zuzendari izan zen, eta 1976 eta 1999 bitartean Zestoan urtero egin ohi zen bertso-saioaren arduradun. 2006an, 'Frontoi Zaharraren harrizko min-tzoa' liburua argitaratu zuen, herriko Gurutzeaga pilotalekuaren 100 urteak zirela-eta. 2009an, Pío Caro Barojaren 'Bertsolaris, poetas vascos', galdutzat jotzen zuten dokumentala berreskuratu zuen. Eta orain, bere herriko Santa eskeko koplei buruzko bilduma plazaratu du Auspoa bildumaren barruan.

- Beraz, Zestoan kantatutako koplak biltzen jardun zara.

- 1992an hasitako bilduma da hau. Orduan hasi ginen koplak graba-tzen, magnetofoiz. Urte bateko koplak falta dira, 1998koak, baina esan daiteke batanaz beste Zestoako hogei urteko koplagintza dagoela hemen. Material asko bildu genuen, zortzi mila kopla, eta hemen liburu honetan txukunenak daude, 1.500en bat.

- Protagonistak Olalde, Nikolas Zendoia, Uztapide II.a-eta dira.

- Bai, kopla gehienak hauenak dira, baina badira lagun gehiago: adibidez Oskar Alberdi; gazte bat da, Zestoako Bertso Eskolako zuzendari dabilena; eta Lopategi, hau ere zestoarra, baserriko semea, plazan sekula egin ez duena; eta, lehengo urtetik, baita Millan Telleria ere.

-Jesus Iribar 'Olalde' izango zen azken hamarkada hauetan gehien nabarmendu den bertsolari zestoarra. Txapelketetan ere ibili zen 80ko hamarkadan.

- Txapelketetan estutu egiten zen piska bat. Beti bertso ona kantatu nahi, baina bertso ona kantatzeko bertso txar asko kantatu behar. Ez da plazako bertsolaria izan, baina bai benetako bertsolaria.

- Nikolas Zendoia makina bat aldiz agertu zaizue Zarauztik Zestoara Santa eskean egitera.

- Bertsolari konpletoa da. Ikusten dituzu liburu honetako kopla ba-tzuk eta esaten duzu: hauek dira benetako koplak, ate ondoan egin behar diren bezalakoak. Liburuaren izenburuari buruz gauza bat esan nahi dizut: horko koplak ez dira Santa Agedari buruzkoak, baizik eta Santa eskean asmatu eta kantatutakoak.

- Esan ohi da, kopla onak egiteko, etxea ezagutu beharra dagoela. Alegia, bertsolariak moldatu behar du etxe bakoitzean tokatzen den familiara. Jakin behar da nork irekitzen duen atea, ea etxean gaixorik dagoen...

- Hori hala da, bai horixe!

- Zestoa oso herri zabala da. Bailara batzuk -Uztapideren jaiolekua, adibidez, Endoia- urruti samar daude.

- Eta Aizarna! Eta Santa Engrazi, Lasao eta Iraeta! Hemen bi bailara korritu izan dira -Akoa bailara eta Lili bailara- eta azkenaldian beste bat ere bai, Etorra. Eta baita ere, kaleak eta tabernak. Kaleetan, Zestoak baditu bi berezitasun, eta nik uste dut kopla onenak toki horietan daudela kantatuta. Herriaren izen zaharra Santa Cruz de Cestona zen, eta badugu plaza bat Guru-tze Plaza esaten dioguna. Begira toki horretantxe 1995ean Olalde eta Zendoiak nola jardun zuten. Olalde hasten da: «Une honetan kokatu gera / gurutzearen aurrean; / errespetua izan dezagun / kantatutzeko unean». Eta Zendoiak: «Plaza honetan badezute, bai, / gurutzean zenbait istori. / Begira zerbait egon naiz baina / ez dauka kristorik». Ama Birjina ageri baita.

Eta Olaldek jarraitzen du, serio: «Gure herrian gurutze hauxe / da leku seinalatuan, / horregatik ahalik ondoen / egin dezagun kantuan». Zendoiak, berriz, broman jarraitzen du: «Ludi zabala aurrera doa / galeran edo mejoran; / bertsolaririk izango ote zan / Jesukristoren denboran?». Handik aurrera biak ala biak umoretsu dihardute. Olaldek: «Oraingo hontan galdera latza / egina didazu, hara / Bertsolariak garai haretan, / apostoluak beharbada». Eta Zendoiak errematea: «Jesukristo're ez daki gero zenbatxo zan ahalegindu; / berak sekula ezer egin ez, / dena besteri agindu». Eta beste toki berezia Uztapide Plaza da, han makina bat kopla kantatu da.

- Liburuaren azalean orain dela 50 bat urteko argazkia dator, erdian Txapel bertsolaria.

- Bai, 1950-51 argazkia da, Zestoan egina. Eta soinujolea ere pertsonaia da aizu! Elgeta aipatzen da beti, baina argazkiko hori oso inportantea izan zen Urola bailaran: Anton Baltzola.

- Zuk zeuk badituzu urte batzuk eta, garai batetik hona, aldaketak ezagutuko zenituen Santa eskean.

- Bai, aldaketa handi bat behintzat ezagutu dugu. Garai batean, etxeko nagusia eta etxekoandrea kopla-tzen hasita osatu ohi ziren Santa eske-saioak. Edo, beste batzuetan, Santa Agedaren historiari buruzko bertsoak kantatuz. Gaur egun, lehenengo ohitura hori ez da galdu oraindik, baina santaren gaineko koplak zeharo galdu edo ahaztu dira. Hala ere, beste ohitura bati ondo eutsi zaio, Zestoan behintzat: urtearen barruan norbait hil bada -koplak kantatzen hasi aurretik jakin behar da hori- aitagurea edo abemariaren bat errezatzen du taldeak, etxekoei dolumina erakutsiz.

- Batzuek ez dakite nor izan zen Santa Ageda.

- Esango dizut datu batzuk. Kristo ondorengo 251. urteko otsailaren 5ean hil zuten. Decio enperadoreak agindu zuen, lehenbizi torturatu eta gero hiltzeko. Aurrena, bularrak moztu egin zizkioten, eta gero buztin goritan jarri. Santaren jatorriaz bada eztabaidarik. Palermok eta Kataniak, biek aldarrika-tzen dute Ageda bertan jaio zela. Baina, itxura denez, Katania izango zen sorterria.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Hogei urteko kopla txukunenak bildu ditut»

«Hogei urteko kopla txukunenak bildu ditut»