Herioa engainatzeko modua asmatzen duen gaixoaren istorioa idatzi du Josu Waliñok
Iñaki Serrano eibartarrak bere lehenbiziko liburua atera du, Inter-raileko bidaia baten kronika alaia. Elkar argitaletxeak plazaratu ditu bi liburuok, gazteentzako bilduma baten barruan
Felix Ibargutxi
Miércoles, 7 de septiembre 2011, 04:27
DONOSTIA. Elkar etxeak beste bi narrazio liburu plazaratu ditu gazteentzakoak: Josu Waliñoren Heriotzak eta Iñaki Serrano Lasaren Desio izeneko tren batean. Oso desberdinak dira: bata, heriotzari buruzko ipuin-bilduma da; bestea, bi mutil gaztek Inter-rail txartela hartuta Europan barrena egiten duten bidaiaren kronika ganberroa.
Josu Waliño (Zumaia, 1972) badu lehendik Bederatzi ateak izeneko narrazio liburua, eta umeentzako beste hiru liburu. «Ipuin batzuk nituen idatzita eta, halako batean, batek esan zidan ezaugarri bat behintat agertzen zela denetan: heriotza. Ohartu gabe nengoen. Halaxe, heriotzari buruzko bilduma bat prestatzeari ekin nion», esan zuen atzoko aurkezpenean.
Halaxe, hari bat sortu zuen, kontakizun horiei guztiei batasuna ematen diena, eta gainera beste bi narrazio idatzi zituen.
Hau da abiapuntua: gizon bat ospitalean dago, gaixotasun larri batekin. Ezin du lorik hartu eta gauez ere esna egoten da. Halako batean, Heriotza sartzen da gelan. Gaixoak segituan antz ematen dio, eta «zergatik ni?» galdetzen. Heriok, berriz, hau erantzuten dio: «Zure ordua iritsi delako». Une hori luzatu nahian, gaixoak esaten dio Heriori ez al den gogora-tzen nola behin Bagdadeko morroiak bera engainatu zuen.
Halaxe, zenbait trikimailuren bidez, Heriori aurre egiten saiatuko da gaixoa. Josu estualdi horretan dagoela halakoxe izena baitu gaixoak heriotzari burusko istorioak kontatuko dizkiote elkarri.
«Baina ez da liburu tristea. Tartean badira amodiozko istorioak, poliziakoak edota zelebreak», gaineratu zuen Waliñok.
Informatikan lizentziatua da Waliño. Hainbat literatur sari irabazi eta ondorengo liburu hauek eman ditu argitara: Bederatzi ateak narrazio liburua (2008), eta gazte eta haurrentzako hiru liburu (2009): Izarren artzaina, Lepoko minez zegoen hontza eta Hortza galdu du Jonek.
«Liburu ganberroa da»
Iñaki Serranoren liburua oso bestelakoa da. Hau du abiapuntua: bi mutil, motxila bana, Inter-rail txartela Europan barrena bidaiatzen hasten dira. Hamaika abentura, pasadizo eta bitxikeria bizi izango dituzte Iker eta Jonek hiriz hiri, trenetan nahiz gazte-aterpetxeetan, ligatzeko asmoa beti gogoan, Internet gabeko aro batean.
Egunkari moduan dago antolatua liburua. Hogeita hamar eguneko bidaia da eta egun bakoitzak bere atala dauka.
«Ni ibilitakoa naiz Inter-railen, eta neuri gertatutakoez gain, beste lagun batzuen pasadizoak ere ekarri ditut liburura. Oro har, bidaia desastroso bat da hau, eta ustekabekoz betea. Pasadizoen halako bilduma bat da eta uste dut oso liburu ganberroa atera dela», esan zuen idazleak atzokoan.
Bi mutil horiek etengabe saiatuko dira neskatan egiten, baina alferrik. Oso zaila dago helburua, neskak konkistatzea.
Hauxe du aurreneko liburua Iñaki Serrano Lasak, baina bazituen sari txiki batzuk irabazita. 1973an jaio zen Eibarren, Zuzenbidean lizentziatua da eta Administrazioan egiten du lan. Asier Serranoren anaia da, baina bi senideon lanek apenas duten elkarren antzik. «Nik, aurrerantzean, nekez egingo dut liburu sakonik. Beharbada izango ditut idazteko boladak, baina, jotzekotan, umorearen bidetik joko dut. Horretan ez naiz anaia bezalakoa. Hark beste mundu batzuk garatzen ditu, serioagoak, tristeagoak».