Borrar
2007ko urrian, 'Jakin'-ek eskaini zion omenaldian egindako argazkia. :: LUSA
CULTURA

Euskalgintzari eta kulturgintzari erabat lotutako bizitza oparoa

80 urte bete berritan hil da Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina. Gernikako Andra Mari parrokian egingo da gaur 19:30ean haren aldeko hileta elizkizuna

NEREA AZURMENDI

Jueves, 28 de abril 2011, 10:44

Hiztegiren batzuetan herrigintza hitza ez da azaltzen; Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, bai, eta horixe da, agian, Jose Antonio Arana Martija euskaltzainaren heriotzaren ondorengo egunean, haren bizialdi osoko jarduna ondoen laburbiltzen duen hitza.

Atzo jaioterrian hil zen euskaltzain emeritu gernikarrak alor askotan erakutsi izan du gazte-gaztetatik bere grina eta kemena: unerik zailenetan ikastolak sortzen (Seber Altube, 1966an); abesbatzak abian jartzen (Santa Zezilia eta Andra Mari koralak, 1954 eta 1978an, Gernikan); aldizkariak sustatzen eta horietan idazten... Arana Martijaren lan ezagunenak musikologiaren eta bibliografiaren alorrekoak badira ere (ia berrogei libururen egile da), Euskaltzaindiarekin harreman estuan 33 urte eman dituen euskaltzalearen ekarpenak -intelektualak nahiz guztiz praktikoak- euskalgintzaren eta kulturgintzaren eremu askotara zabaldu dira.

Horrez gain, 1978an Akademiak Azkue Bibliotekako zuzendari izateko kontratatu zuen arte hainbat enpresatan lanean aritua zen abokatu eta ekonomialariak, alor profesionalean ere jasan zituen, Francoren garaian, bere herriarekin zuen konpromisoaren ondorioak.

Eusko Ikaskuntzako bazkide zen 1978an EI berrezarri ondorengo lehen momentutik, eta Musika Saileko lehendakari izan zen 1987 eta 1990 urteen artean. Erakunde horrek Manuel Lekuona saria eman zion iaz «XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal musikaren ikerketa eta zabalkundean irudi aktiboenetako bat izan delako». Saria hartu gabe joan da, eta udaberrirako aurreikusita zegoen ekitaldiak ez du oraindik data zehatzik. Omenduak jasotzerik izango ez duen oparia ekarriko du haatik sariak, Arana Martijaren bio-bibliografia, «maisu eta adiskide» eta Azkue Bibliotekan ondorengo izan duen Pruden Gartziak idatzia. Lan horretan eta horrelakoetan ikusi ahal izango da bere erabateko zabaltasunean Jose Antonio Arana Martijak bere bizitza oparoan zehar euskal kulturari egin dion ekarri izugarria.

Omenaldiez zera zioen Arana Martijak berak 2001 urtean, Azkueri egin behar zitzaion omenezko ekitaldi bat zela eta: «Beharrezkoak dira, baina ez edozein omenaldi. Hemen larregi egiten dira, eta bigarren mailakoak dira askotan. Ondo dago gure kulturan giltzarri izan diren pertsonak gogora ekartzea, geure esker ona adieraztea eta bide batez jende gazteari haien berri ematea. Baina ezin gaitezke «omenalditis»-ean erori».

Berak asko jaso ditu azken urteetan (Euskal Idazleen Elkartearena, Bilboko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena, bere herriak eskainia, ' Jakin'-ena...) eta gehiago jasoko ditu, ezinbestekoa baita «gure kulturan giltzarri izan diren pertsonak gogora ekartzea eta jende gazteari haien berri ematea».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskalgintzari eta kulturgintzari erabat lotutako bizitza oparoa

Euskalgintzari eta kulturgintzari erabat lotutako bizitza oparoa